Berrogei koadro inguru salduta, helburua bete du Xeli Mendizabalek

Zuriñe Velez de Mendizabal 2013ko maiatzaren 3a

Erakusketa solidarioa egin du Mendizabalek eta batutako dirua Albaniara bidaltzeko izango da. Pozik dago izandako oihartzunarekin: apirilaren 25etik 28ra bitartean izan zituen lanak ikusgai kultura etxean eta jende ugari bertaratu zen erakusketara, aurreneko hiru egunetan batez ere; batez beste, 25 lagun izan dira egunero, antolatzaileen esanetan.  

Mendizabalek erabilitako teknikak eta jorratutako askotariko gaiek jende ugariren interesa piztu dute. Hala, Eskoriatzan egindako erakusketa solidarioaren ondorioz, margolanetako batzuk Debagoiena utzita kanpora ere joango direla eman dute aditzera. "Alemaniara edo Frantziara, besteak beste". 

Bildutako diru guztia Albaniara bideratuko du Arizmendi Ikastolako Almen guneko irakasle ohiak. Hango Marianisten Ordenak esku artean dituen proiektuak finantzatzeko izango da; zehatzago esanda, Mendiolako Jesus Madinabeitia misiolari marianista Albaniako Lezhë hirian bultzatzen ari den proiektuetarako. 

"Helburu hori edukitzeak erosleengan eragingo zuen, ziurrenik". Arrazoiak arrazoi, aurrez pentsatutakoa baino lan gehiago saldu zituen Mendizabalek; 40 inguru. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak