Eskoriatzako ez ohiko bilkuran antzokia eta dirulaguntzak berbagai

Zuriñe Velez de Mendizabal 2013ko maiatzaren 1a

Ez ohiko osoko bilkura egin zuten atzo, martitzena, Eskoriatzan. Hirigintza eta diru kontuak zein zinegotzi kargu aldaketa egon ziren gai-zerrendan, besteen artean. Horrez gainera, Ezker Anitza alderdiak aurkeztuta administrazioen arrazionalizazioari eta iraunkortasunari buruzko legearen proiektuaren gaineko mozioa aurkeztu eta onartu zuten.

Besteen artean, Santa Anako etorkizuneko antzokia izan zuten hizpide. Egitasmoa jendaurrean egon ostean eta alegazioak aurkezteko epea itxita, jaso duten kontrako arrazoibide bakarrari Udaleko sail ezberdinetatik emandako erantzunak ezagutu zituzten.

"Antzokiak atarte bat behar du egun espaloia dagoen tokian; horregatik arau subsidiarioen aldaketa bat planteatu zen gune horri eraikigarritasuna emateko. Hasierako onarpenaren ostean, publikatu eta alegazio bat agertu da". Hala azaldu du Beñat Herce alkateak. "Formari buruko puntu bat jasotzen zuen alegazioak eta akats bat zegoenez puntu hori onartu dugu aho batez. Bestalde, euskarazko txostena egitea eskatu zen, eta arrazoia eman zaio herritarrari".

Alegazioak beste lau puntu zituen: "Arkitektoak esaten duenez, diseinu egitasmoarekin daukate zerikusia eta ez arau subsidiarioaren aldaketarekin; ondorioz, ez dira onartu". Halere, Hercek azaldu duenez, kontuan hartuko dira puntu horiek behin proiektua egiten denean, bilera irekia deituko baitute herritarren iritzia jaso eta baloratzeko, beste batzuetan egin duten bezala.

Madrileko asmoen aurka

Ezker Anitzak proposatuta, Madrileko gobernuak duela hilabete batzuk aurkeztutako aurreproiektu baten aurrean mozio bat onartu zuten apirileko ez ohiko bilkuran. Nahiz eta alderdiko Juan Luis Merino zinegotziak ezin izan zuen bertan egon, Eskoriatzako alkateak mozioa aurkezteko konpromisoa hartu zuen.

"Aurreproiektua aurrera aterako balitz, udaletxeetarako ondorio oso latzak ekarriko lituzkeela ikusten dugu: txikiak desagertze bidean ipini ditzakeelako, Mankomunitateak ere zalantzan ipintzen ditu, 20.000 biztanletik beherako herrietan eskumenak jaisten dira eta diputazioaren esku utzi beharko lirateke...".

Hala, Eskoriatzan izan dezakeen eraginagatik, lege horren kontrakotasuna azaltzeko xedez onartu zuten mozioa, Elizateetako zinegotzien abstentzioarekin.

Dirulaguntzak eta krisia

Ez ohiko osoko bilkuran lau dirulaguntzez egin zen berba. Amuskarentzako laguntza onartu zen eta bestalde, euskararen erabilera normalizatzeko laguntzak, kultura arloko elkarteentzako eta gazteentzako laguntzen oinarriak finkatu zituzten.

Beñat Herce alkateak gogoratu zuenez, urtero ematen diren laguntza berdinak dira, kopuru antzerakoetan. Krisiak laguntzak emateko orduan zorionez ez duela eragin nabarmenik izan gaineratu zuen.

Itziar Martinezen azken bilkura

Martitzenean gainera, orain arte Gazteria, hezkuntza eta berdintasun arloetako zinegotzi arduraduna izan den Itziar Martinezek kargua utzi zuen arrazoi pertsonalak tarteko.

Martinez hunkituta agertu zen azken bilkuran, eta asko ikasi duela esan eta eskerrak eman zizkien bere lankideei. Bestaldetik, Udalak Martinezek herriagatik lan egiteko hartutako konpromisoa azpimarratu zuen eta eskerrak eman zizkioten guztiek denbora honetako lanagatik.

Horrez gainera, Bildu-Eusko Alkartasunak Martinezen ordez hautagai berria aurkeztu zuen segidan. Hain zuzen ere, Maider Landa Ruiz de Azua izendatu zuten kargurako eta martitzenean izendapena onartu zuten "Eskaera dagokion tokira bideratu eta ea hurrengo bilkuran ofiziala egiten dugun".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak