Dorleta Kortazar: "Udaletxeko ateak zabaldu eta herritarrek eurena ere bazela nabaritu zutela uste dut"

Zuriñe Velez de Mendizabal 2013ko maiatzaren 1a

Lau urtez egon zen Dorleta Kortazar eskoriatzarra Udalean. Gazte sartu zen, 23 urte zituenela, eta esperientzia hartaz egin digu berba. Garai hartan zinegotzi guztien arteko elkarlana zegoela azpimarratzen du Kortazarrek. Kultura eta ongizate arloak indartu zituzten lau urte haietan, eskoriatzarraren arabera. Batzordeetan lan egitea erabaki zuten eta osoko bilkuretara erabakiak hartuta joaten ziren.

Nolatan sartu zinen politikan?

Gaztetatik egon izan naiz ezker abertzaleko taldeetan sartuta, eta, egia esateko, zerrenda osatzeko nindoan, beste barik; bosgarrena nintzen. Ez genuen horrelako emaitza onik espero eta Udal Gobernuan sartu nintzen. Hasierako urduritasunaz aparte, oso talde polita osatu genuen eta ilusioz eta gogoz nengoela gogoratzen dut.

Zein izan zen zure egitekoa?

Legegintzaldi hartan lanak guztion artean banatu genituen, hamaika zinegotzi ginen eta denok, PSEkoak barne, ardurak hartu genituen gure gain. Ni Ongizate Sailean egon nintzen, ez zinegotzi bezala, EAJkoa zelako, baina bai batzordekide gisa. Gainera, bilkuretan bozeramailea nintzen, eta urte hartan Udalbiltza ipini zen martxan eta Udaleko arduradun moduan nengoen ni.

Eta nola oroitzen dituzu lau urteak?

Lehenengo aldia zen ezker abertzalea alkatetzan sartzen zela. Alkatea (Edorta Zubizarreta) zinegotzi izan zen aurreko legegintzaldian, eta zer edo zer bazekien arren, gainerakook berriak ginen. Aurreko alkatetzak 12 urte egin zituen eta kosta egin zen aldaketa ematea. Bada, hasierako beldur haiek kendu, eta oso pozik geratu ginen egindako lanarekin. 

Egitekoak denen artean banatuta izateak lagunduko zuen, ezta?

Zalantza barik. Udal bat hamaika pertsonaren artean eramatea edo, urte batzuetara gertatu den moduan, lan osoa pertsona gutxi batzuek euren bizkar gainean eramatea oso ezberdina da. Lan handiagoa eskatzen du akordioetara-eta iritsi behar duzulako, baina oso lan giro polita zegoen. Udalean sartu ginenean erakutsi gura izan genuen gauzak beste modu batera egin zitezkeela, eta lortu genuen. Langileekiko harremanak ere aldatu ziren, hierarkia hura hautsi eta erakutsi genuen herriarentzako lan egiteko geundela han. Ez dut esango ez zirenik gai eztabaidatsuak egon, baina, orokorrean, balorazio positiboa egiten dut.

Batzordeetan egiten zenuen lan. 

Nork bere esparrua zeukan, baina askatasunez aritzen ginen sentsazioa dut. Batzordeetan ipini genuen erabakigunea, eta dena erabakita eramaten genuen osoko bilkuretara, edo landuta, gutxienez. Eta batzordeetan guztiok geundenez, politikoak izan ziren oso erabaki gutxi hartu genituen. Lan egiteko modu ideala da, nire ustez, eta legegintzaldiko puntu garrantzitsu bat izan zen hura. Herrigintzak bestelako bultzada hartu zuen urte haietan, udaletxeko ateak zabaldu eta herritarrek eurena ere bazela nabaritu zutela iruditzen zait. 

Beste lorpenik gogoratzen duzu?

Ongizate Sailetik, esaterako, hesi arkitektonikoak ezabatzeko proiektu potolo bat eraman genuen aurrera. Lantalde txiki bat osatu genuen, mugikortasun arazoak zituzten herritarrak ere bertan zeuden. Plan orokorra egin genuen, lehentasunak zehaztuz eta etorkizunerako oinarriak zeintzuk izan behar ziren erabakiz, irisgarritasuna bermatzeko. Udalean egon ginenean ekonomikoki sasoi onak ziren. Hori bai, sartu ginenean bazirudien hirigintza eta zerbitzuetara joaten zela diru guztia eta Kultura eta Ongizate sailak indartu genituen bereziki.

Legegintzaldia 2003an amaitu zen; Auzitegi Gorenak Sozialista Abertzaleak desegin zuen gero... 

Bai, eta igarri nuen; izan ere, hurrengo hauteskundeetan zerrendaburu moduan nindoan eta bertan behera geratu zen. Urte gogorrak izan ziren, ezintasun sentsazioa geneukan, aurreko urteetan lan polita egin genuelako eta proiektuarekin jarraitu gura genuelako. Dena den, azpimarratu behar da Udalean sartu zirenek ez zutela egoera samurra izan eta gure parte-hartzea bermatzeko lan egin zutela. Esaterako, informazio asko pasatzen ziguten, batzordeetara joateko aukera ere bageneukan... Gurekiko begirune hura izan zuten.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak