Autoenplegua eta ekintzailetasuna sustatze aldera, berbaldia eta tailerrak gertatzen dabiltza

Mirian Biteri 2013ko apirilaren 19a

Debagoieneko Mankomunitatearekin elkarlanean, Udalak autoenplegu eta ekintzailetasuna sustatzeko plana gura du martxan jartzea. Horren bueltan, lan merkatua geldi dagoela ikusita, Eskoriatzatik zerbait "berezia" antolatzea erabaki dute, eta dagoeneko gertu dute negozio berriak martxan jartze aldera, eskoriatzarrei zuzendutako programa. Lehenengo ekintza apirilaren 30rako antolatu dute: Ibarraundi museoan "harremanetan jartzeko" berbaldia gertatu dute egun horretan, 19:00etan..

Horren harira, honakoa adierazi du Beñat Herce alkateak: "Hitzaldira joaten direnekin lanketa berezia gura dugu egitea, beraien ideietan sakonduz eta Eskoriatzak dituen beharren gainean azterketa eginez, negoziotxoak aurrera atera ahal izateko".

Askotariko tailerrak

Horretaz gain, maiatza eta uztaila bitartean, askotariko tailerrak egiteko asmoa dute. Esaterako, autonomoei zuzendutako saioak gertatzen dabiltza. Askotariko gaiak jorratuko dituzte tailer horietan, hala nola, fiskalitatea edo datuen babesari buruzkoak.

Eztabaida gunea

Bestalde, ekintzaileekin eztabaida gunea sortu nahi dute, beraien beharrak ezagutu, eta, ahal den neurrian, erantzuteko. Hercek jakinarazi du hala behar ezkero, Udalak lan gela bat egokituko duela, eta ekintza ezberdinak aztertuko direla: lokalak uztea, diru laguntzak edo finantziazioa, besteak beste.

Alkatearen esanetan, apurka "nolabaiteko babesa" eman nahi diete Udaletik enpresa berriak jartzeko asmoa duten eskoriatzarrei. Guzti horren bueltan, "ideia berriren bat" buruan daukaten edo "zerbait martxan jartzea" pentsatuta dutenei parte hartzeko gonbitea egin die.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak