Nabari da Imanol Alvarez, haurrak mailan egongo den azken urtea izango dela, hasierako metroetatik lasterketa berea egin du-eta. Ibilbideak zituen bihurguneak "konplexuak" aipatu duen arren, bera izan da lasterketaren jabea. Lehen unetik hasierako postuetan kokatu da eta oso eroso sentitzen zen erritmo baten barruan lehen 6 birak egin ditu. Azken aurreko biran, lauko taldetxo baten ihesaldian sartu da, eta hortik aurrera, bere abilezia erakutsi du. Bere burua "eroso" nabaritu du eta azken biran, inork jarraitu ezin izan duen erritmo bati esker, bakarrik iritsi da Eskoriatzako helmugara. Lehen neska Oñatiko Irati Barrena izan da eta eskolako lehen txirrindularia Andoni Azkarate.
Benjamin eta kimuetan
Gazteenak, benjaminak, ibilbide motzagoa izan dute. Hala ere, ez dute erritmoa jaitsi eta pedalei indarrez eman diote. Azken biran, zenbat oñatiarrez sortutako taldetxo batek erritmoa bizkortu du eta Aloña Mendi elkarteko Aitor Altube izan da helmuga zeharkatu duen lehena, eskolako aurreneko ziklista aldiz, Enaitz Garai.
Kimuetan zenbait estrategia saiakera egon dira, baina azkenean, faboritoen artean zegoen Mikel Orbeak irabazi du. Oso lasterketa bizkorra izan da eta hasierako taldeak erritmo bizia jarri duen arren, txirrindulari guztiak tinko eutsi diote. Eskolako lehen txirrindularia Oihan Uroz izan da eta lasterketako lehen neska Alaitz Beloki arrasatearra.