10:30etan egin dute hitzordua plazan, Bolibarrera oinez igotzeko. Ordubete beranduago, elizatean dituzten animalien familiak ikusgai egongo dira; besteak beste, ahuntz, ardi, behi, zaldi eta astoen familiak erakutsiko dituzte.
Txistulariek eta trikitilariek lagunduta, eguerdian tailerrak izango dituzte umeek: animaliak margotzeaz gain, gazta eta gatzatua egiten ere ikasiko dute horietan. Ekimen horietaz gain, Bolibarko eliza eta erretaula, aspaldiko argazkiak eta bertako produktuak ikusteaz gain, pintxoak jateko aukera ere izango dute bisitariek.
Bolibarkoek proposatuta
Eskoriatzako Gazteria teknikariak azaldu du irteera Bolibarko auzotarrek egindako proposamenari erantzuten diola. Horren harira, honakoa esan du: "bertako auzo alkatearengana animaliak ikustera joaten dira haur asko, animalia familiak ezagutzen ez dituztenak asko direlako. Horregatik, herriko haur guztiei erakusteko aukera eskaini ziguten eta ideia benetan ona iruditu zitzaigun". Ekintza horrek hainbat helburu ditu: Elizate eta herriaren arteko harremanak bultzatzea, haurrek animaliak ezagutzea, familian gozatzeko aisialdi ekintza antolatzea eta bertako produktuak bultzatzea.