Bermeoko beheko aldean bizi da Itxaro Zabala, portu aldean. Goizaldean ez dutela handik inolako zaratarik entzun kontatu digu, eta sutearen berri izan dutenerako dena zegoela "martxan" alde zaharrean, "Bermeoko bihotzean".
Sokaz inguratuta aurkitu du alde zaharra gertaera tokira hurbildu denean, eta ahaztuko ez duen irudia: "Euren etxeetatik atera dituzten herritarrak begirada galduta zeuden, shock egoeran, ez zuten erantzuten. Soinean zeramatena baino ez zaie geratu –pijama eta etxeko zapatilak– eta animaliak; bat baino gehiago zegoen txakurra edo katua aldean zuela. Erabat hunkituta utzi nau han ikusitakoak; grabatuta geratu zait".
Bermeotarrak eguneroko martxa aldatuta
Kiroldegian lanpetuta, ez du arratsalde partean berriz ere alde zaharrera gerturatzeko aukerarik izan oraindik, baina dagoen tokian ere agerikoa da sutearen eragina: "Beste konturik ez dago gaur Bermeon, denak dabiltza horri buruz hizketan, eta kiroldegia ohi baino lasaiago dago, oso jende gutxi etorri da".
Goizaldeko lauak
Goizeko lauetan piztu da sua, hutsik zegoen eraikin batean. Bost etxe erori dira gutxienez eta beste bitan kalteak oso handiak izan dira; hogei atari hustu dituzte, lau kaletan; 100 pertsona etxe gabe geratu dira; eta bost langile zauritu dira, kea arnasteagatik, baina onik dira guztiak.
"Bizkaian azken urteetan jazotako suterik handiena"
Bizkaiko ahaldun nagusi Jose Luis Bilbaok, Bermeoko alkate Idurre Bidegurenek eta Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburu Estefania Beltran de Herediak agerraldia egin dute, eta, esan dutenez, "Bizkaian azken urteetan jazo den suterik handiena" da Bermeokoa. Udaletxearen teilatuaren zati bat ere kaltetu du suak.
Bilbaok zehaztu duenez, 70 pertsona geratu dira etxerik gabe. Bizkaiko Foru Aldundiak Bermeon oraindik eman gabeko 35 etxebizitza dauzkala eta kalean geratutako familiak horietan sartzera konprometitu da Bilbao. Horretarako, bost eguneko epean etxebizitza horiek argindarraz, gasaz eta bestelako zerbitzuez hornituko dituztela esan du. Etxetik kanpo diren guztiak ostatuetan eta hoteletan kokatzeko lanetan dabil Bermeoko Udala.
Bidegurenen hitzetan, "alde zahar osoak su hartuko zuela" pentsatu dute une batean. Oso une gogorra izan dela gaineratu du alkateak, "sugarrak oso handiak" zirelako.
"Luze joko dute lanek"
Sutea kontrolpean dute suhiltzaileek, baina jakinarazi dute luze joko dutela erabat amatatzeko lanek. Haize bortitzak eta etxeak egurrezkoak izateak eragin dute sutea azkar zabaltzea. Edonola ere, ez dakite zer dela-eta piztu den.