Zaldibar antzokiaz gain, beste lau inbertsio egingo dira aurten Eskoriatzan

Mirian Biteri 2013ko apirilaren 11

Batetik, Arana kaleko 2. zenbakitik Apotzagarako bidegurutzerainoko errepide zatia asfaltatuko da. Proiektu horrek ia 100.000 euroko aurrekontua du. Bestetik, Azkoaga Enea hotel ondoan dagoen autobus geltokia Gorosarri plaza pareko espaloira eroango da. Lan horiek 11.000 euroko kostua dute. Hirugarrenik, Gaztañadui kaleko 11. eta 27. zenbakien arteko ur hornidura sareko hodi zatia aldatuko da. Horretarako 54.000 euro behar dira. Hiru inbertsio horiek proiektu bakar batean joango dira.

Aldi berean, eta aipatutako obra horiekin koordinatuta, erdialdea oinezkoendako jartzeko asmoa ere badu Udalak. Lan horiek Gaztañadui kaleko 11. zenbakidun eta Jose Aranako 2. zenbakidun etxebizitza parean egingo dira. Proiektu horrek 30.00 euroko aurrekontua du.

Bestalde, Zaldibar antzokiarekin lotuta bi proiektu daude aurreikusita. Batetik, kanpoaldea urbanizatzea dago: eraikinaren ondoan beirazko sarbidea egingo da, eta osagarri moduan, antzoki parean dagoen espaloia eta aparkalekuak berriz urbanizatuko dira. Bestetik, barnealdea jantziko da. Proiektu eszenikoa osatzeko beharrezko ekipamendua eta altzariak jartzean datza inbertsio hori. Bi horietarako ia 200.000 euro behar dituzte.

Udatik udazkenera

Udalak dagoeneko inbertsio guztiak egiten hasteko datak zehaztu ditu. Erdialdeko errepidearen konponketa, autobus geltokiaren leku aldatzea eta Gaztañaduiko ur hoditeriaren aldaketa hartuko dituen proiektua egiten dihardute orain; eta obrak udan egitea aurreikusten dute. Aldi berean, irailean Bolibarrerako bidegurutzetik Azkoaga Enea hotelerainoko zatia oinezkoendako jartzeko asmoa dute. Zaldibarri dagokionez, udazkenerako lanen azken bi fasearekin hastea da helburua.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak