Martitzenean, Josu Larreategik gidatuta, jarduera fisikoa egingo dute zaharren egoitzan, eta jarraian, hirugarren adinean ariketa fisikoa egitearen garrantziaz egingo dute berba. Eguaztenean, ostera, Amaia Diaz de Monasteriogurenek Jarri Ariketa zure platerean izeneko hitzaldia eskainiko du. Ibarraundin izango da hori, 19:00etan.
Eguen arratsaldean, jaialditxoa egingo dute plazan. Besteak beste, informazioa, eliptikoak eta umeendako fruta tailerrak izango dira. Egubakoitzean, azkenik, kiroldegitik hasita, paseo gidatua egingo dute bidegorriko osasun parketik.
Horretaz gainera, aste osoan zehar kartel informatiboak, makina eliptikoak, podometroak, tentsioa hartzeko aukera eta fruta jarriko dituzte eskura kiroldegian eta unibertsitatean.
Ohitura osasungarriak bultzatu
Esan bezala, lehenengo aldia da Eskoriatzan osasun astea antolatzen dela. Kirol teknikari Rosa Lasagabasterrek azaldu digu eskoriatzarren artean ohitura osasungarriak gura dituztela bultzatzea, eta Huhezirekin elkarlanean, astea antolatzea bururatu zaiela.
Horrekin batera, jakinarazi digu asmoa dela esandako asteari jarraipena ematea, eta horretarako eskoriatzarren parte-hartzea bultzatuko dutela.