Irteera horien harira, honakoa esan digu museoko teknikari Eneritz Zubiak: "Lehengo lanbideen hainbat adibide ditugu herrian: Elorretako errotan irina egiten zuten eta Zubiateko labean, zeramika. Antzinako bi lanbide dira; beharbada, jendeak hain gertuko ez dituenak. Bisitariak lanbide horietara gerturatzea da helburua". Hain zuzen, Elorretako bisita ordu erdi ingurukoa eta Zubiatekoa ordubetekoa izango dela esan digu.
Horrez gain, apirilaren 1ean, astelehena, herrian ibilbidea egingo dute, eraikin esanguratsuenetan geldiuneak eginda. Zubiak aipatu du ez direla eraikinetan sartuko eta bakoitzaren azalpenak kanpoaldean emango dituztela. Irteera hori ere ordubetekoa izango da. Zubiak esan du bisitetan parte hartu gura dutenek ez dutela izena aurretik eman beharrik, eta egunean bertan Ibarraundin agertzearekin nahikoa dela.
Pazko astean zabalik
Bisitez gain, Pazko astean zabalik izango da Ibarraundi. Martitzenetik egubakoitzera 09:00etatik 12:00etara bisitatu ahal izango da. Zubiate labea ikusteko aukera ere izango da; interesatuek museotik pasa behar dute aurretik.
Bisita gidatuen ordutegia
Eguena 28
- 11:00 Zubiate labera bisita, gaztelaniaz.
- 12:00 Bisita bera euskaraz.
Egubakoitza 29
- 11:00 Elorretako errotara bisita, gaztelaniaz.
Astelehena 1
- 11:00 Herrian ibilbidea, gaztelaniaz.
- 12:15 Bisita bera euskaraz.