Noiztik zara entrenatzaile?
15 urterekin hasi nintzen. 11 urte egin nituen Askatuak klubean eta, besteak beste, lehen taldeko bigarren entrenatzaile izan nintzen. Gero EHUren taldearekin Espainiako txapeldun izan ginen eta gero Atletico San Sebastian taldearekin EBA ligara igo ginen. Horren ostean Datak Gipuzkoa Basket taldearekin aritu nintzen. Hau da, gaur egun GBC taldea denaren historiako lehen entrenatzailea izan nintzen. Pamesa Valencia taldearendako ere egin nuen lan bi urtez, iparraldeko jokalari ezberdinak ikuskatzen eta eurekin teknifikazio saioak egiten. Azpeitiko Iraurgi taldean ere aritu nintzen duela lau edo bost urte... Gipuzkoa barruan beti, Valentziako esperientzia labur hori izan ezik.
Eta beste hainbat proiektutan ere murgilduta nago: Pablo Prigioni NBAko New York Knicks taldeko jokalariaren kanpusa zuzentzen dut, Donostian. Ska-Trainer proiektuan ere buru-belarri ari naiz: Beasain, Bergara eta beste zenbait herritan entrenatzaileak eta zuzendariak formatzeko proiektua da. Domekan [atzo] Bergaran daukat saioa.
Entrenatzaile moduan ibilbide luzea da zurea, ezin ukatu. Jokatzeko astirik izan al zenuen?
Jokalari moduan ez nintzen ondo moldatzen. Ume txikiekin hasi eta konturatu nintzen asko gustatzen zitzaidala. Euren hobekuntzan laguntzen nuela ikusi nuen. Gero, zorte handia izan nuen talde onak tokatu zitzaizkidalako eta zaletasuna ogibide bihurtzeko aukera ere izan nuen zenbait urtetan. Orain irakaslea naiz Donostiako Axular ikastolan, eta irakaskuntzak aukera ematen dit saskibaloiarekin zerikusia duten proiektuetan ibiltzeko.
Goazen zure azken proiektura. Nola jaso zenuen Hondarribia-Irun taldea zuzentzeko proposamena?
Ez nuen inolaz ere espero eta ordu gutxitan erantzun beharreko proposamena izan zen. Oskar Garcia kirol zuzendariak deitu zidan, aspalditik ezagutzen gara-eta. Badaki nola egiten dudan lan eta hasieratik argi eta garbi utzi zidan taldearen egoera oso zaila zela. Proposamen finkoa egin zidaten; zenbait urte neramatzan talde profesional bat zuzendu gabe eta eskaintza polita zela iruditu zitzaidan. Erronka zaila da, taldea bigarren mailara jaistea saihestu behar dugulako. Ilusioa eta poza ere ematen dit, ikusten dudalako oraindik batzuek badutela konfiantza nigan. Beste alde batetik, baina, erantzukizun oso handia da, azken hamarkada honetan Hondarribia-Irun taldea maila gorenean egon delako.
Zer egin behar duzue mailaz ez jaisteko?
Hilabete eta erdian hiru partidu jokatu behar ditugu eta horietatik bat irabaziz gero matematikoki maila mantentzea lortuko genuke. Hiruak galduta ere atzeko taldeak ez badu irabazten mantendu egingo ginateke baina hiru aste barru Iruñean Obenansa taldearen aurkako final handia irabaztea da gure lehen helburua. Norgehiagoka hori ari gara ondo prestatzen, jakinda azken jardunaldia lider den Rivas taldea datorrela. Europako talde indartsuenetako bat da Rivas. Beraz, gustatuko litzaiguke azken jardunaldi horretara etxerako lanak eginda heltzea.
Emakumeekin lan egiten duzun lehen aldia da. Zer moduz?
Orain arte oso gustura. Denbora gutxi daramat baina aurkitu dudan taldea oso diziplinatua da eta beti dago laguntzeko gertu. Izan ere, ni baino gehiago dakite ligaren eta jokalarien gainean. Gizonezkoen entrenatzaileak izan garenok askotan estereotipo batzuk barneratzen ditugu eta orain ari naiz konturatzen kantxa barruan ez dagoela ezberdintasun handirik. Arlo fisikoa ezberdina da, noski, eta baita erritmoa ere. Baina taktikoki, adibidez, jokalari sendoak dira eta oso ondo irakurtzen dute jokoa. Aldaketa handienak kantxatik kanpokoak dira. Orokorrean oso antzekoa da.
Egubakoitzean Eskoriatzan izan zineten gaztetxoekin lanean. Zein izan zen bisitaren helburua?
Hondarribia-Irun maila goreneko talde batendako ezinbestekoa da gazteengana hurbiltzea eta Gipuzkoan ezagutzera ematea taldearen jarduna. Klubaren helburu nagusien artean dago saskibaloiaren balioak transmititzea. Are gehiago, jakinda Debagoienean gazte asko mugitzen dituela saskibaloiak. Gure lana eurendako motibagarri izatea gura dugu.
Gizonezkoez aparte, emakumeendako ere saskibaloia oso kirol erakargarria izan daitekeela erakutsi nahi dugu, futbolaz haratago beste kirol batzuk ere badaudela.