Ahinara Zubizarreta eta Ugutz Usandizaga: "Antzerki dinamizatzaileak gara eta topaketa gertatzen gabiltza"

Mirian Biteri 2013ko otsailaren 24a

Lau kidez osatuta dago Eskoriatzan martxan berri jarri duten Teatro Kanape egitasmoa: Ahinara Zubizarreta, Olatz Pagaldai eta Iraia Arzamendi eskoriatzarrak, eta Ugutz Usandizaga aretxabaletarra. Datozen lerroetan proiektuaren nondik norakoaz egin dute berba.

Zertan datza Teatro Kanape?

Ahinara Zubizarreta: Gu lehenago herritar moduan ezagutzen ginen, eta bagenekien bata eta bestea zertan zebilen. Orain bakoitzak dauzkan interesak batu ditugu teatro dinamikoaren bueltan. Bururatu zaigu polita izan daitekeela bailara mailan, antzerkiari haize bolada freskoa ematea, sustapen taldea sortuz. 

Ugutz Usandizaga: Moldeak apurtu daitezkeela erakutsi gura dugu, eta antzerkia ez dela orain arte ikusi den moduan. Asmoa ez da talde bat sortzea, eta antzoki batean ikusten den ordubeteko emanaldia prestatzea. Gu dinamizatzaileak gara eta maiatzerako topagune bat prestatuko dugu. Interesa dutenak guregana etorriko dira, eta lagunduko diegu. Esaterako, Olatzek aktore lanak erakutsiko ditu, eta Iraiak agertokiarekin lotutako guztiarekin lagundu egingo ditu interesatuak. Ahinara, berriz, idazlea denez, 10-12 minutuko antzerki lanak egingo ditu. 

Eta maiatzeko pentsamendu eta sorkuntza topagunea zertan oinarrituko da?

A.Z.: Eskoriatzako eraikinak izango ditugu aurten oinarri. 10 minutuko antzerki talde txikiak egingo dira, baina antzerkirako leku ez ohikoetan. Esaterako, herriko eliza. Parte hartu behar dutenei elizari buruzko historia eskainiko diogu, eta hortik abiatuz, antzerki zaleek hamar minutu inguruko sorkuntza egingo dute. Geuk gaiak eramango ditugu, eraikinaren edo lekuaren istorio eta anekdotak; parte-hartzaileak ideia gabe baldin badaude erabil dezaten baina beraien pentsamendu, kexa edo praktika kulturalekin nahastu ahal izatea da helburua.

U.U.: Ikusleak antzezlanak ikustera doazenean, antzerkiaz beste modu batean gozatzeaz gain, eraikin baten historia ezagutuko dute.  Gainera, antzezlan txiki horiek gertatzeko tailerra gertatuko dugu aurretik; sorkuntza parte-hartzaileen esku egongo bada ere, gu laguntzeko gertu gaude. Ikastaro pertsonalizatuak eskainiko ditugu: nahi dutena egin ahal izango dute, baina baliabideak jartzeaz gain, hainbat bide jartzen ditugu. 

Zelakoa izango da topaketa?

U.U: Batetik, gertatutako antzezlanak ikusten datozenendako egitaraua izango da; bestetik, egitasmoan parte hartu dutenendako beste bat prestatuko dugu. Azken hori egun osokoa izango da. 

Nori dago proiektua zuzenduta?

U.U.: Edonori, antzerkian interesa duten edozeini. Agian jendeak ez du gogorik antzerki talde batean sartzeko eta ordubeteko lana ikasteko. Gu baliabideak jarriko ditu, eta beraiek sorkuntzaz bakarrik arduratu beharko dira. Modu horretan jendearengana errazago helduko garela uste dugu. 

A.Z..: Irekia da: Erretiratuak, familiak, lagunak, bakarka... Hamar minutuko antzezlanak direnez edozeinek egin ditzake. Gainera, ez da bakarrik eskoriatzarrendako, eta hizkuntza aldetik ere, irekiak gaude. Baldintza bakarra da lotsa ez izatea.

Interesa dutenek nola jarri daitezke harremanetan zuekin?

A.Z.: Internetez: teatrokanape@gmail.com da gure helbidera. Jendeak posta horretara idatzi behar du. Dagoeneko hainbatek idatzi dute, eta proiektuari buruzko azalpenak eman dizkiogu. Laster izen-ematea zabalduko dugu. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak