Eskoriatzako udal zergen hobariak eska daitezke hilaren 25era arte

Mirian Biteri 2013ko otsailaren 15a

Eskoriatzako Udalak aurtengo udal zergei aplika dakizkiekeen salbuespenak, hobariak eta errekarguak iazko urrian onartu zituen ordenantza fiskaletan eta  orain, horien berri emateko informazio taula berria etxeetan banatu dute. Otsailaren 25era arte eskatu daitezke udaletxean.

Beherapenei dagokionez, kiroldegiko eta museo eskolako tarifetan, eta ondasun, obra eta ibilgailuen zergetan eta zaborraren tasetan aplikatu daitezke.

Kirolean, esaterako, tarifa bereziak daude kide anitzeko familia, langabetu, elbarritu, ikasle eta Eskoriatzako Kirol Elkarteko ekintzetarako.  Ibarraundi museoan ere tarifa bereziak eskura ditzakete ume, gazte, talde, erretiratu, eta aurten, lehen aldiz, unibertsitateko ikasleek. 

Auto elektrikoak

Bestetik, ibilgailuen zergan azpimarratzekoa da ibilgailu elektrikoagatik %95eko hobaria dagoela; eta zaborrari dagokionez, lurzoru hiritarrean eta lurzoru ez-hiritarrean autokonpostajea egiten duten etxebizitzetan %25eko hobaria eska daiteke.

Hutsik dauden etxeak

Hobariak ez ezik, errekarguak ere badaude. Aurten errekargu berria aplikatzea onartu zuen udalbatzak: hain justu, ohiko egoitzarako erabiltzen ez diren etxebizitzetan. Kasu horietan errekargua %100ekoa izango da.

Etxeetan banatutako informazio taulan jakinarazten da zerga ordaintzean beherapenak aplikatzeko idatziz aurkeztu beharko dela eskaria udaletxean kasu bakoitzerako eskatzen diren agiriekin batera.

Bi baldintza

Eskaerak, esan bezala, otsailaren 25era arte aurkeztu daitezke. Bi baldintza bete behar dira horiek eskatu ahal izateko: Udalari ordaindu beharreko zergak kitatuta edukitzea, batetik; eta, bestetik, pertsona fisikoen kasuan, Eskoriatzan erroldatuta egotea.  Pertsona juridikoen kasuan, egoitza soziala udalerrian izatea. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak