Arantza Tapia: "Krisiaren errudunak aurkitzen ibili beharrean, irtenbideak elkarrekin topatu behar ditugu"

Eneko Azkarate Laspiur 2013ko otsailaren 19a

Arantza Tapia (Astigarraga, 1963) Eskoriatzako batzokian izan zen aurreko astean, egungo krisi ekonomikoaren eta krisitik ateratzeko Jaurlaritzak egiten duen apustuaren gainean berba egiten. Aurretik, Goienan egon da eta gaiaren gainean jardun digu Lehiakortasuneko eta Garapen Ekonomikoko sailburuak.

Jaurlaritzara heldu berritan, eta krisi gogor honetan murgilduta, zein izango da zure sailaren lehentasun nagusia?

Krisi garaian erabakiak azkar hartu behar dira, eta, esaterako, enpresei laguntza emateko neurriak urgenteak dira, horiei erantzun egin behar zaie; baina, bestetik, etorkizunerako politikak eta estrategiak finkatu egin behar dira. Horiek dira helburu nagusiak: egunerokoari azkar erantzutea eta etorkizuneko ildoak finkatzea, Euskadiren lehiakortasuna bermatzeko, hiru sektoreetan.

Adierazle ezberdinek diote aurten ere langabeziak gora egingo duela. Noiz arte?

Erantzuna edukitzea gustatuko litzaidake, baina baikortasun mezua helarazi nahiko nuke. Adierazle batzuek diote ekonomiaren garairik txarrenean gaudela, baina uda pasa ostean, badirudi argia ikusten hasiko garela. Horrek ez du esan nahi berehala hasiko garenik lana sortzen. Guretako, halere, lehentasunezkoa da bereziki gazteei aterabideak eskaintzea.

Lana sortzeko Jaurlaritzatik abiatuko duzuen neurri zehatzik aurreratzerik?

Enpresen eta hezkuntza munduaren nazioartekotze bidean neurriak hartu nahi ditugu. Merkatu guztietara ezin gaitezke iritsi, batzuetara heldu behar dugu. Bestalde, esan nahi dut enpresa handiek, akaso, ez dutela erakunde publikoen beharrik, baina txiki eta ertainek bai. Gazteak ondo formatu eta nazioartera bidaltzen baditugu, ondoren, jakin behar dugu enpresa ertain eta txikietarako errekuperatzen. 

Industria sektoreari bultzada eman nahi diozue. Zela?

Euskadi beti izan da oso industriala. Esaterako, Debagoienean, etxetresnetan-eta zenbat lan egin den ikusi besterik ez dago. Baina, horretaz gain, makina-erreminta, elektrizitatea, elektronika, sektore aeronautikoa, energiaren sektorea… Horiek dira gure indarrak eta horiei bultzada eman nahi diegu, merkatu berrietara zabaltzeko. Betiere, gure indarrak kontuan izanda: industria, teknologia berriak… eta lankidetza publiko eta pribatuaren bidetik, betiere.

Berrikuntza lehentasuna da gaur egun ere, baliabide publikoak murritzak diren honetan?

Bai, jakina. Baina lehentasunak markatuz eta kontuan izanez nazioartera zabaltzerakoan zein merkatutara zabaltzea interesatzen zaigun. Bestalde, berrikuntza alorrean, asmatu behar dugu zer eta zela egin eta gure jakintza enpresetan zela inplementatu. Ikerketa eta teknologia, berrikuntza, hezkuntza… ezinbestekoak dira, horietan inbertitu behar dugu, baina jomuga, inportanteena, merkatua, produktua, industria dira. 

Mondragoneko kooperatiba batzuk, hasierakoak bereziki, etxetresnetakoak-eta, oso une larrian daude. Zerbait egin daiteke erakunde publikoetatik haiei laguntzeko?

Tresna finantzariak, parte hartzea bultzatzekoak… baditugu, baina garrantzitsuena da enpresek eurek egitea behar dutena, neurriak hartzea, eta, horretan, aipatu dituzun Mondragoneko enpresek badihardute. Zertan den ona eta nora joan behar duen jakin behar du enpresak. Hala, balio erantsiko produkzioak Euskadin geratu behar du eta bestea kanpora eroan. Hori egiteko bidean daude kooperatibak eta horretan enpresei laguntzeko prest dago Jaurlaritza.

Euskal enpresen nazioartekotze prozesuan, ze neurri zehatz proposatzen duzue?

Batetik, esan dudan moduan, ondo erabakitzea ze merkatutara joan nahi dugun. Bestetik, soluzioak ezberdinak izan daitezke, enpresa handiendako modu batekoak eta txikiendako bestelakoak. Enpresa txiki batek, agian, ez du egin behar nazioartekotzeko prozesurik, baina handiek irekitako bidetik joan daiteke, ondoan. 

Adegi eta sindikatuak ados jarri ezinda daude metaleko lan hitzarmena dela-eta. Zerbait egin dezake Jaurlaritzak?

Oro har, garrantzitsua da denok batera jardutea: erakunde publikoak, batetik, baina sindikatu eta ugazabak ere bai. Guztiok atera behar dugu krisitik elkarrekin eta malguak izan behar dugu, esfortzu handia eginez, enpresaburu, langile eta erakundeok. Guztiok irabazi behar dugu. Krisiaren errudunak aurkitzen ibili beharrean, irtenbideak elkarrekin topatu behar ditugu.

Gasa ustiatzeko frackinga erabiltzearen aurka azaldu da Jaurlaritza berria. Zergatik?

Ez dago frogatuta ingurumenarekiko kaltegarria den edo ez metodo hau, eta, hori ziurtatu bitartean, nahiago dugu teknika hori ez erabili lurpetik gasa ustiatzeko. Gainera, oraingoz, ez dakigu gure lurpean zenbat gas dagoen ezta zenbat atera daitekeen. Guztizko bermerik ez dagoen bitartean ez dugu egingo. 

Turismoa gaur egun ekonomiarendako oso garrantzitsua, "traktorea", dela esan duzu. Ze ekarpen egin diezaioke euskal ekonomiari?

2000. urtetik hona lortu dugu Barne Produktu Gordinaren %6 izatea turismotik eratorria. Oso sektore garrantzitsua da eta aurrerantzean ere apustu garrantzitsutzat dugu. Jakina, Euskal Herria inoiz ez da izango turismotik bakarrik bizi den herria; ez dugu hori nahi, gainera. 

Euskadi marka Espainia markarengandik ezberdindu nahi duzue, aurreko Jaurlaritzak egin zuenaren kontrara. Zergatik?

Euskadik badauzka ezaugarri ezberdinak, bereziak, eta ez ditugu besteekin nahastu nahi. Baditugu kultura, hizkuntza, egiteko modua, balioak, mendiak, kosta… Eta horiek bereizi nahi ditugu. Kanpotarrek ere Euskadi ezberdintzat hartzen dute. Horretan sakondu nahi dugu. Guztiok osatzen dugu lur hau eta guretako ezinbestekoak dira gure konpromisoa, lan ona, gastronomia… Horiek guztiak balioak dira. Herri turistiko batek herriak, hondartzak, mendia… balioan jartzen ditu, baina baita pertsonak, izaera, kaleetako merkatuak, merkataritza txikia… Horiek guztiak baliatu behar ditugu.

Diozue enpresei errentagarriagoa zaiela Euskadin egotea Espainian baino. Hala da?

Bai. Espainiako marka behea jota dago munduan. Eta, ostera, Euskadik beste era bateko marka dauka. Enplegua geroago eta okerrago dago, baina, halere, Espainian baino hobeto. Gure markan sendotu behar dugu, gure enpresek ere hala uste dute.

Espainiatik geroago eta gutxiago eta Europa eta beste toki batzuetatik turista gehiago datoz gurera?

Bai, 2012ko datuek horixe diote. Mundutik geroago eta jende gehiago dator, eta, horri esker, datuak orekatu egin dira. Kanpotarrek bilatu egiten gaituzte eta Euskadi helburu turistiko erakargarri moduan ikusten dute.

2013ko Jaurlaritzaren aurrekontuaren gainean zerbait aurreratzerik bai?

Egoera konplikatua da eta 1.200 milioi euro gutxiago izango ditugu aurten. Murrizketak izango dira, baina gure ildoak markatuko ditugu eta lehentasunak zehaztuko ditugu. Aurten izango da lehentasunen urtea, baina esan nahi dut urte batek ez duela legealdi osoa egiten eta lau urteko lana aztertu beharko da azkenean. Martxoaren 12rako, beranduenez, Legebiltzarrera eroango ditugu aurrekontuak onarpenerako. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak