Arantza Tapiak krisialditik irteteko bideez egin zuen berba Eskoriatzan

Zuriñe Velez de Mendizabal 2013ko otsailaren 14a

Arantza Tapia Garapen Ekonomiko eta Lehiakortasunerako Sailburuak hitzaldia eskaini zuen eguazten iluntzean Eskoriatzako Batzokian. Krisi ekonomikoa izan zuen hizpide berbaldian eta gaiak erakarrita eta sailburuak esandakoak entzuteko gogoz zeuden herritar ugari gerturatu ziren Batzokira.

Krisialdia azken urteetan herritarrak kezkatzen dituen gaia da, eta atzo, Arantza Tapia Garapen Ekonomiko eta Lehiakortasunerako Sailbururuak gaiaren gaineko hitzaldia eskaini zuen Eskoriatzako Batzokian.

Aretoa txiki geratu zen. Izan ere, jende ugari bertaratu zen sailburuak esateko zituenak jarraitzeko. Tapiak onartu zuen egoera ez dela onena eta oro har, krisialditik ateratzeko bideez zein baliabideez egin zien berba bertan elkartutakoei.

Diru gutxiago 2013ko aurrekontuetan

Goienako Magazinean ere izan zen eguaztenean Tapia. Bertan, egungo egoeraz egin zuen berba. Hala, urte zailari aurre egin beharko zaiola adierazi zuen.

Eusko Jaurlaritzak martxoaren 12an onartuko dituen aurrekontuei buruz ere egin zuen berba sailburuak. Besteen artean, 1.200 milioi euro gutxiagoko aurrekontua dauka Eusko Jaurlaritzak 2013rako. Hainbat esparrutan murrizketak egon daitezkeela esan zuen, eta lehentasunak zehaztuko dituztela, horiei aterabidea ematea bilatu baitu Jaurlaritzak.

Langabeziari aurre eta berrikuntzaren alde

Jendartea kezkatzen duen beste gai bati ere heldu zion. Hala, azken aldiko langabezia tasa altuen aurrean, egoerari buelta emateko zer nolako neurriak hartzea aurreikusten duten galdetuta, batez ere, enpresa txiki eta ertainak laguntzea eta gazteak formatzea izango dutela lehentasuna adierazi zuen.

Bestalde, egoera ekonomikoa onena ez dela jakin arren, berrikuntzaren aldeko apustua egiten jarraituko dutela eman zuen aditzera Tapiak. "Oso fokalizatuta, lehentasunak eta merkatuak markatuz eta merkaturatzearen aldeko urratsak emanez".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak