"Ikuskizuna ezberdina da; hasieratik esperimentu gisa planteatu genuen. Lau bertsolariei baldintza gabe nahi zutena idaztea planteatu genien", azaldu digu Hodei Unzueta aktoreak. "Guk lotura eman diogu testu horiei eta istorioa sortu. Hitzen balioa da gaia. Hausnarketa ezberdinak azaleratzen dira bertan".
Hala, ikusleari ere gogoeta hori egiteko, hitzen balioen inguruan hausnartzeko, gonbidapena egiten die Balitzen hioa ikuskizunak.
Erraza eta entretenigarria
Testu sakonak dituen arren, erraz ikusten den antzezlana dela azaldu digu Unzuetak. "Ikuspuntu ezberdina da, testuak sakonak eta bost bider irakurri behar direnak; baina lehen aldian dena jaso ez arren, oso entretenigarria da obra, hasieratik bukaera arte. Eszenografia ere oso polita da eta entretenigarria; obra ez da astuna egiten", gaineratu digu.
Urtebeteko lanaren ostean, orain, herriz herri aurkeztuko digute lau aktoreek ikuskizun berezi eta ezberdin hau. Hilaren 22an, Eskoriatzako unibertsitatean 19:30ean ikusgai.