Pentsioen murrizketaren mozioaren harira, bi taldeetako ordezkarien ikuspuntua antzekoa zela ikusita, proposamen bakarra egitea adostu zuten Juan Luis Merinok (Ezker Anitza-IU) eta Jose Luis Canterok (PSE-EE). Lau puntuz osatuta dago mozio hori: Lehenak dio Eskoriatzako udalbatzak guztiz arbuiatzen duela Espainiako Gobernuak pentsioen balioa ez handitzeko hartu duen erabakia, eta, Espainiako Gobernuari eskatzen dio la pentsiodunen eroste-ahalmena lehengoratzeko; aldi berean, Gobernuari eskatzen dio pentsioen arloko erabaki guztiak adostuak izan daitezen, eta aurrez pertsona adinduen ordezkariekin hitz egin dadila administrazioen aurrean.
Bigarrenean, eskoriatzarrei akordio horren berri ematea adosten da, herriko komunikabideen bidez, eta erabaki bidegabe horren aurka eta gizarte-estatuaren desegitearen aurka antolatzen diren mobilizazioetan parte hartzeko deia egitea. Hirugarrenean, Gizarte Segurantzako sistema sendotzeko eta bermatzeko neurriei buruzko Errege Lege Dekretuaren aurkako konstituzio-kontrakotasun errekurtsoa jartzeko eskatzen die udalbatzak. Eta laugarrenik legebiltzar-talde eta Espainiako Gobernuari akordioaren berri ematea jasotzen du.
Eragina Udalean
Elizateen Elkarteko zinegotziaren abstentzioarekin eta gainontzeko zinegotzi guztien aldeko botoarekin onartu zen. Gizarte Zerbitzuetako zinegotzi Arantza Iregi (Bildu) mozioaren alde agertu zen, eta, horren harira, nabarmendu zuen pentsioen murrizketak "eragin zuzena" izango duela Eskoriatzako Udalean, gizarte laguntza gehiago aurkeztuko direlako, eta horiei erantzun beharko dielako.
Esan bezala, bigarren mozio bat ere onartu zen osoko bilkura berean; hain justu ere, PSE-EE alderdiak aurkeztutako babes sozialeko zerbitzu publikoen gainekoa. Horrek ere Elizateetako Iñaki Madinabeitiaren abstentzioa, eta gainerako zinegotzien aldeko botoa jaso zuen. Onartutako proposamen horrek puntu bakarra du: Eskoriatzako Udalak bat egiten du babes sozialeko zerbitzu publikoen aldeko aldarrikapenarekin, horiek kohesio eta justizia sozialerako eta aukerak eta aberastasuna banatzeko tresna direlako, eta gizarte prestazioetan inbertitzeko premia larria dagoela azpimarratzen du.