Eskoriatzako oposizioak gogor kritikatu ditu aurrekontuak

Mirian Biteri 2013ko otsailaren 11

Eskoriatzako Udalean oposizioan dauden hiru alderdiek aurrekontuen kontra bozkatu dute. Datozen lerroetan bakoitzaren iritzia daukazue.

EAJko zinegotzi Aitor Urrutia: "Gastu korrontearekin zorrotzago izan beharra dago"

"Gure ezezko botoaren arrazoia da Madrilgo mozketak direla-eta, pertsonalari eskainitako atalean era faltsuan murrizten duen aurrekontuak ditugula aurrez aurre. Gure proposamenetako bat hemen aurreratzen diren 40.000 euroak lan eta merkataritza sustapenean sartzea da, era berean, gerta litezken kaleratze kasuei eskaini dakizkieken erreserba fondo bat sortzearekin batera. Gastu korronteko ataletan, biak %9na igotzen dira.

Zorrotzago izan beharra dago, kontutan izaki, gainera, Udalak obligazioak hartuak dituen partidak daudela eta ez direla aurrekontuan sartzen, partida politikoak ongi lotuak gelditzen diren bitartean. Inbertsioetan, %75a baino gehiago Santa Anako Antzokira eskaintzea salatu nahi genuke, parte-hartze prozesuan, herritarrok ezarritako lehentasunak agertu gabe gelditu eta gero. Eta guzti hori, izaera urbanoko zergen % 5, zaborretan %6, uran %15, estolderian %13 eta isunetan %27ko igoerekin herritarrari kargatzen dion aurrekontu bati ezin diogulako baietzik eman".

PSE-EEko zinegotzi Jose Luis Cantero: "Ez dira eskoriatzar gehienek behar dituzten aurrekontuak"

"Udal Gobernuak aurkeztutako aurrekontuak oso negatiboak dira, eskoriatzar gehienek behar eta espero dituzten kontuak ez direlako. Antisozialak dira, eta ez dagokie gobernu ezkertiar bati. Alkatetzaren partida %34 inguru igotzen da, bizi dugun garaian sekulako eskandalua dena.  Bestalde, ez da aurreikusten herriko sarrera eta erdiko errepidea konpontzeko partidarik, eskoriatzarrek gehien bozkatu zuten proiektua bazen ere.

Horretaz gainera, 23.000 euro bideratzen dira atez atekoari; herri gehienak arbuiatzen duen sistema da hori, plataformak jasotako sinaduretara baino ez dugu jo behar hori horrela dela argi uzteko. Udalbiltzari, ostera, 6.000 euro emango dizkio; horren harira, Eudelen sartuta egon beharko ginatekeela uste dugu. Bestalde, etxegabetzeen auzia arintzeko ekarpena barregarria da: hain justu ere, 1.000 eurokoa da. Azkenik, enpleguari dagokionez, salatu behar dugu Udaletik sustatzen den enplegu bakarra Bilduko liberatuena dela".

Ezker Anitza-IUko zinegotzi Juan Luis Merino: "Alderdikoiak, bidegabekoak eta antisozialak dira"

"Ezker Anitza-IU taldearendako Udal Gobernuak bakarrik aurkeztutako eta onartutako aurrekontuak alderdikoiak, bidegabekoak eta antisozialak dira. Bidegabekoak inbertsioei dagokionez, Santa Mariñeko aprobetxamendutik datorren dirua gaur egun zentzurik ez duen antzokiaren proiektura bideratzeagatik; horren harira, gogorazi behar da, hasiera batean, etxebizitza sozialak sustatzeko lurrak erosteko erabili behar zela diru hori, bereziki herriko gazteei zuzenduta egongo ziren etxebizitzak. Aldi berean, salatu behar da ez dela egin antzokiko mantentze garestiari buruzko azterketarik.

Bestetik, antisozialak iruditzen zaizkigu kultura eta elizateekin lotutako partida guztiak nabarmen igo direlako; eta, ostera, enplegua sustatzea helburu duten partida garrantzitsuak mantentzea edo are gehiago, murriztea; Gizarte Larrialdietarako Laguntzak ez osatzea edo kooperazio eta elkartasunari buruzko partida ia desagertzea".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak