Eskoriatzako alkate Beñat Herce: "Udalaren zorpetzea nabarmen jaitsi da, eta, poliki, baina hobera goaz"

Mirian Biteri 2013ko ots. 11a, 10:54

Eskoriatzako alkate Beñat Hercek onartu berri diren aurrekontuen gainean egin digu berba. Aurten, inbertsioetarako dirua badagoela nabarmendu du, besteak beste.

Datozen lerroetan aurtengo aurrekontu eta Eskoriatzako Udalaren gaur egungo egoeraren berri eman digu Beñat Herce alkateak.

Nolakoa da Udalaren gaur egungo egoera ekonomikoa?

2012an egindako diagnosiaren ondorio nagusiena, sarrera korronte eta gastu korrontearen arteko desoreka izan zen. Neurriak hartzen ari gara desfase hori murrizteko. Aldiz, zorpetzea nabarmen jaitsi da eta poliki, baina hobera goaz. Hala ere, etorkizunera begira panorama ez da hain positiboa, egoera ekonomikoa aldatu ezean.

Iazkoarekin alderatuta, %3ko igoera izan du aurrekontuak...

Diputazioak zergatan egindako aldaketek eragin positiboa izan dute zerga bilketan, progresiboagoa eta ekitatiboagoa eginez eta udaletara bideratzen duen diruen %0,5 gehiago izango dugu. Estimazio errealagoak egiteko gai izan gara eta horrek 150.000 euro gehiagoko sarrerak espero izatea ahalbidetzen du. Aipatutako desoreka aurreko urteetako aurrezkien bidez estaltzen dugu, baina etorkizunean aurrezki horiek gabe geldi gaitezke. Ondorioz, hasierako aurrekontua 5,2 milioi ingurukoa bada ere, definitiboa 5,6 milioitakoa izango dela aurreikusten dugu.

Zer izan duzue kontuan aurrekontuak egiterakoan?

Hiru hilabete daramagu lantzen, erronka eta helburuak definitu ondoren, prozesu parte-hartzailean herritarrekin konpartitu direnak. Iradokizunak jaso eta arloko proposamenak garatu dira eta emaitza hauek ahal bezain beste errespetatzea lortu dugu. Gizarte zerbitzuetako partidak indartu eta autoenplegua eta herriko komertzioa sustatzeko ekintzatarako ere gorde dugu. Inbertsioak ere lehenesten saiatu gara, beharra dago.

Pertsonal eta Administrazio Orokorren sailetan izan ezik, gainerakoendako diru gehiago egongo da aurten, ezta?

Sarrera gehixeago ditugu, baina kostuak ere igo dira, BEZ-a kasu. Hala ere, bai arlo gehientsuenek 2012an baino diru gehiago dute.

Oposizioa oso kritikoa izan da aurrekontuekin. Zer diozu?

Nork bere iritzia dauka eta errespetatzen dugun arren, ez dugu batere konpartitzen. Ez dute batere parte hartu aurrekontuak garatzeko prozesuan, ezta ekarpen zehatzik egin ere ez.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak