Udaletxeko Idazkaritza-kontuhartzailetza bulegoan kontsulta daitezke aurrekontuak, eta erreklamazioak, berriz, udaletxeko sarrera erregistroan aurkeztu daitezke. Esandako epea igarotzen bada inolako erreklamazio edo oharpenik jaso barik, aurrekontu orokorra onartutzat joko da behin betiko.
Udalak 5,2 milioi inguru ditu aurten; joan den urtean baino %3 gehiago. Diru gehiena Gipuzkoako Diputazioak bere ordenamenduan zerga bilketaren gainean sartu duen aldaketatik dator, Eskoriatzari positiboki eragiten diona. Dena dela, sarrerak handitu badira ere, BEZ-aren igoerak eraginda gastuak ere igo egin dira, eta horrek eragin du aurtengo aurrekontuak "zuhurrak" izaten jarraitzea.
Gastu eta sarreren oreka
Beñat Herce alkateak azaldu du gastu eta sarrera korronteen arteko oreka lortzen saiatu direla, eta horrek arloka heldu diren aurrekontu proposamenei "erantzun ona" ematea ahalbideratu duela. Horren harira, nabarmendu du Udal Gobernuak "oso positiboki" baloratzen dituela aurrekontuak. Ez, ordea, oposizioan dauden EAJ, PSE-EE eta Ezker Anitza-IU alderdien ordezkariek; hirurek kontra bozkatu zuten-eta.
Arloka, Hirigintza eta Zerbitzuak sailak eroango du diru gehien: hain justu, 1,86 milioi inguru. Administrazio Orokorrera 0,88 milioi eta Gizarte Zerbitzuetara 0,42 milioi pasatxo bideratuko dira.
Inbertsioetan, 240.000 euro
Bestalde, inbertsioek aurrekontuaren %4,5a suposatzen dute; denera, 240.000 euro bideratuko dira atal horretara. Diru gehiena, %75a pasatxo, Zaldibar antzokiko obra amaitzeko da. Baina, esan bezala, ez da aurtengo inbertsio bakarra. Horren harira, honakoa azaldu du Beñat Herce alkateak: "Atxorrotxeko gazteluko berreskurapenaren azken fasean ere sartzen gara eta prozesu parte-hartzailearen botuei jarraiki, Arana eta Gaztañadui kaleen asfaltatzea, autobus geltokia Gorosarri plaza parera aldatzea, erdialdeko peatonalizazioa eta ur hodia aldatzea aurrera eramango dira. Santa Marinako lurren jabeekin akordioa lortuz gero, aparkalekua ere egokituko dugu".
Horretaz gainera, Elizateetan ere zer eginak izango dituztela jakinarazi du, "momentuz" aurrekontuetan jaso ahal ezin izan dituzten arren. Horren harira, gaineratu du asmoa dela auzoetan 45.000 euroko inbertsioak egitea. Horiek, baina, martxoan egingo den joan den urteko aurrekontuaren likidaziotik datozen soberakinekin egitea aurreikusi du Udalak. Horrek eragina izango du aurtengo aurrekontuan; Hercek uste du 5,6 milioikoa izango dela behin betikoa.