Egoera larria hemen ere
"Euskal Autonomia Erkidegora inguruko beste lekuetara baino beranduago iritsi ziren krisiaren ondorio larriak. Baina orain, bete-betean ari gara ikusten eta jasaten enpresen itolarria eta, ondorioz, enpresarien ezin jarraitua eta langileen lan-galera". Hala dio Eskoriatzako EAJk hedabideetara bidalitako oharrak.
Krisitik ateratzeko plana
Era berean, krisitik ateratzeko, Jaurlaritzak bultzatuko duen planari buruz ere badihardu EAJk:
"Jaurlaritza ez dago besoak tolestatuta geratzekotan, eta krisiari aurre egiteko, enpresei eta enpleguari eusteko plan bat atera nahi du aurrera, gizarte-eragileekin hitz eginez eta euskal herri-erakundeekin elkar hartuz. Politikaren garaia dela erakusteko unea da krisialdia, politika herriari eta herritarrei on egiteko eta laguntzeko dagoela erakusteko garaia".
Iraganean bezala, orain ere
"Iraganean hondoak jotako Euskadiri heldu zioten EAJk gidatutako herri-erakundeek, eta orain ere herriari arnasa eta itxaropena ematen saiatuko da, politika ekonomikoa gure Herriaren eta euskal gizon-emakumeen zerbitzura jarriz, gure enpresei bultza eginez, enpresari eta langileei aurrera egiten lagunduz, gizarte bidezkoa eraginez" amaitzen du Eskoriatzako EAJren oharrak.
Eta herritar guztiak gonbidatu ditu Eskoriatzako EAJk Arantza Tapia sailburuaren hitzaldia entzutera eta, ondoren, ahal izanez gero, galderak egitera.