Heldu da Urdelardero eta abian dira Aratusteak

Mirian Biteri 2013ko otsailaren 7a

Urdelardero egunean, ume eskoriatzarrak baserritarrez jantzita joan dira gaur –eguena– ikastetxeetara. Goizean kalejira egitea aurreikusita bazegoen ere, eguraldiak zapuztu egin du hasierako asmoa eta, Luis Ezeizako ikasle nagusienek izan ezik, gainerakoek eraikin barruan egin behar izan dute kantuan. Gutxienekoa izan da hori, ordea, barruan nahiz kanpoan, askotariko jakiekin ondo betetako ziria eskuetan, neska-mutikoek gogotsu abestu dutelako Urdelardero.

Denera, Arizmendiko Jose Arana guneko eta Luis Ezeizako 200 neska-mutiko baino gehiagok parte hartu dute Urdelardero eguneko goizeko ospakizunean.

Luis Ezeiza ikastetxeko Lehen eta Bigarren mailakoak izan dira ausartenak: euria gogotik egiten bazuen ere, kalera irten dira abestera, eurek hala eskatuta. San Pedro eta Intxaurtxuetan barrena ibili dira lehenengo, eta gero, zaharren egoitzara joan dira. Pozik hartu dituzte aitaita-amonek eta, trukean, txanpon batzuk eman dizkiete.

Gorosarri plazan ere gozokiak bota dizkiete balkoietatik eta hala, saskia beteta zutela, udal pilotalekura joan dira. Ikastetxeko Lehen Hezkuntzakoekin elkartu dira han, eta, Urdelardero kantua abestu dute denak batera.

Jose Aranakoak eraikinean bertan

Jose Aranakoak, berriz, ez dira eraikinetik irten. Txikitxoegiak dira han dauden umeak pilotalekuraino joateko, eta nahiago izan dute, epeletan geratzea. Abestu, hori bai, ozen abestu dute eraikineko klaustroan.

Eta urtero moduan, amaitu aurretik, txistorra beroa jan dute guztiek; eta bat eta beste, ezin hobeto pasa dute ikastetxe batekoek zein bestekoek.

Urdelardero egunari amaiera emateko, arratsaldean Magiclow ikuskizuna dute umetxoek udal pilotalekuan, eta jarraian, txokolate jana.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak