Eskoriatzako udalbatzak 5,2 milioiko aurrekontua onartu du

Mirian Biteri 2013ko urtarrilaren 30a

Eskoriatzako aurtengo aurrekontuak onartu ziztuzten atzo iluntzean egindako osoko bilkuran. 5,2 milioikoak dira horiek, iaz baino 200.000 euro gehiago. Udal gobernuko (Bildu eta Elizateak) aldeko botoarekin atera zituzten aurrera; oposizioko hiru taldeek kontra bozkatu zuten.

Aurrekontua zuhurra izaten jarraitzen badu ere, joan den urtekoa "larregikoa" izan zela, eta aurten inbertsioak egitea aurreikusi du udal gobernuak. Zaldibar antzokiarekin amaitu gura du, eta horretara bideratuko du dirua. Kopuru osoaren %4,5 bideratuko da horretara. Horren harira, Beñat Herce alkateak nabarmendu du finantziazio hori Santa Mariñeko hiri lurren aprobetxamendutik datorrela, eta ezin dela nahi denerako erabili.

Dena dela, aurrekontuan aurreikusita ez badago ere, parte-hartze prozesutik irtendako beste hainbat inbertsio egiteko asmoa dutela azaldu du. Joan den urteko aurrekontuaren likidaziotik lortzen den diruarekin egingo dira horiek. Erdiko errepidea konpontzea, erdialdea oinezkoendako egokitzea, ur-hoditeria aldatzea eta autobus geltokia Gorosarri plaza parean jartzea proiektu bakar batean batzea erabaki dute. Dagoeneko aurrekontua egiteko proiektua onartuta dago, eta udaberrirako esleituta egotea espero dute.

Esan bezala, udal taldearen aldeko botoekin onartu ziren kontuak; oposizioko taldeek kontra bozkatu zuten. Aitor Urrutia zinegotzi jeltzalearendako "gezuzrrezko" aurrekontuak dira onartutakoak, urtea aurrera joan ahala, aldatzen joango direlako. PSE-EEko Jose Luis Cantero zinegotziarendako, ostera, kontuetan ez dira eskoriatzarraren beharrak kontuan hartzen. Eta Ezker Anitzako Juan Luis Merinok enplegua sustatzeko esfortzu berezirik ez dela egin salatu du, besteak beste.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak