Udal zerbitzuen gaineko informazioa jasotzen dabiltza Eskoriatzan, horiek hobetze aldera

Mirian Biteri 2013ko urtarrilaren 18a

Eskoriatzako Udalak eskaintzen dituen zerbitzuen gaineko inkesta bete daiteke urtarrilaren 31ra arte. Gaur egun eskaintzen dituen zerbitzuak bilatzen du ekimen berri horrek.

Mondragon Unibertsitateko talde baten proiektuan oinarritu da Udala ekimena aurrera ateratzeko. Honakoa azaldu du alkateak: "Enpresagintza fakultatetik heldu zitzaigun eskaintza: ikasleek merkatu ikerketa garatu behar zuten, eta horretarako, sektore eta mota ezberdinetako enpresa eta erakundeetara jo zuten. Udaletik egoki baloratu genuen eskaintza eta egoki ikusi genuen udal zerbitzuen gaineko informazioa jasotzea, zerbitzuen hobekuntza iraunkorra bultzatze aldera".

Askotariko zerbitzuak

Inkesta Udalaren webgunean dago herritarren eskura. Askotariko gaien gainean galdetzen da horretan, hala nola, Udalarekin kontaktuak jartzeko bideez, herritarraren ikasketa mailaz eta lan eremuaz zein udal zerbitzuen erabilpenaz eta horien balorazioaz. Azken horretan, honako zerbitzuak baloratzeko eskatzen da: Harrera, Udaltzaingoa, Gizarte zerbitzuak,  Hirigintza, Obra eta zerbitzuak (Brigada), Idazkaritza-kontuhartzailetza, Zerga-bilketa, Kultura, Euskara eta Gazteria.

Epea bukatuta, emaitzak aztertu eta baloratuko dira. Horra hor alkateak esandakoa: "Horretarako, emaitzak langileekin ere komentatuko ditugu eta beraien iritzia jaso. Jarraian, emaitzak ikusita hobetzeko neurriak proposatuko ditugu, eta bideragarriak diren aztertu". Askotariko neurriak izan daitezke: esaterako, herritarrenganako harrera ordutegia aldatzea, telefono bidezko arreta zabaltzea edo Internet bidezko tramiteak sustatzea. Horren harira, Hercek inkesta betetzeko gonbitea egin gura izan du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak