Ikus-entzunezko Komunikazioa ikasten zabiltza Aretxabaletan; zerk bultzatu zintuen kurtso hau egitera?
Aurretik goi mailako ziklo bat egin nuen, Ikus-entzunezko Errealizazioa deiturikoa. Hau lagun batek komentatuta aukeratu nuen; hasi nintzenean asko gustatu zitzaidan, eta, amaitzerakoan, praktikak Goienan egin ostean, karrera hau egitea pentsatu nuen.
Ikasketetako lehenengo bi urteak Eskoriatzako fakultatean egin zenituen. Gustura al zaude orain Aretxabaletako eraikin berrian?
Eskoriatzan bizi naizenez, gertuago nuen hura eta alde horretatik gusturago nengoen. Baina orain fakultate berriak eskaintzen dituen teknologia berriak ez genituen Eskoriatzan, eta nik uste dut hoberako izan dela aldaketa. Hala ere, fakultatean jende gutxi dabilela ikusten dut karrera bakarra dagoelako, eta alde horretatik ez da oso erakargarria.
Titau film laburren lehiaketan parte hartu duzu behin baino gehiagotan. Antolaketa lanen bat egin duzu bertan ala lehiakide bezala bakarrik ibili zara? Esperientzia polita izan zen?
Lehenengo urtean antolaketa lanetan ibili ginen eta nik ahal izan nuen guztian lagundu nuen; informazioa zabaltzeko lanetan, batez ere. Ikus-entzuneko ikaslea naizenez, taldekideei komentatzen, joatera anima daitezen. Askoz gehiagorik ez nuen egin. Lehiakide moduan ere gustura ibili ginen. Beti aurkezten gara horrelako lehiaketetara, egun polita pasatzen dugu, barre pila bat egin, eta, nahiz eta jende gutxi animatu, oso gustura.
Zinema gustuko duzu, ezta? Zein arlo bereziki (kamera, edizioa...)?
Bai, zinema gustuko dut. Ez dakit... lanean, behintzat, kamera lanak egiten ditut eta muntaiarekin asko dago ikasteko. After Effects bezalako programak erabiltzen aurten hasi gara, mundu oso zabala da eta asko gustatu zait. Bestalde, aktore lanak egiten ere oso ondo pasatzen dugu, baina ez dut inoiz serio hartu. Hala ere, egunen batean profesionalki jarriko nintzateke horretan.
Goiena Komunikazio Taldean zabiltza praktikak egiten. Zer-nolako lanak betetzen dituzu bertan? Gustura al zabiltza?
Estresante samarra izaten da batzuetan, baina oso gustura nabil. Goi mailako zikloan ari nintzenean, Goienaren Arrasateko egoitzan telebistaren munduari buruz asko ikasi nuen. Toki batera joan eta irudi batzuk grabatu, zuzeneko emisioen soinua kontrolatu... esperientzia polita izan zen, eta jarraituko nuke horretan. Aurten, Aretxabaletako Arteman Komunikazio Taldean ari naiz, eta horren gustuko ez ditudan idazketa lanez gainera, bideoak editatzen ere aritzen naiz. Bideogintzan oso gustura aritzen naiz eta, bide batez, asko ikasten ari naiz bertan.
Etorkizunari begira, zeintzuk dira zure asmoak? Lan egiteko prest?
Lana aurkitzeko zail dago, baina gogoko aukeraren bat ikusten badut, gustura hasiko nintzateke. Baina, bestela, ikasten jarraitzea espero dut; telebista eta zinema munduko zer edo zer baldin bada, hobeto. Beste alde batetik, kanpora joateko gogoa ere badaukat. Dena dela, ingelesa eta ni ez gara elkarren lagun... beraz, kasu horretan, gogor ekin beharko nioke hizkuntza ikasteari.
Ikus-entzunezkoez gain, zeintzuk dira zure zaletasunak?
Nire zaletasunen artean, nola ez, lagunekin parrandan ateratzea. Bestalde, gitarra jotzea ere gustuko dut; egia da ez diodala denbora luzerik eskaintzen horri, baina ordu libreren bat daukadanean beti jotzen dut apur bat. Kirol aldetik betidanik izan dugu ohitura koadrilakook futbol partiduren bat jokatzeko.
-----------------
Pertsonala
Zure herriko txoko maiteena: Aldatz taberna.
Janari bat: Entsalada mistoa.
Zaletasun bat: Parrandan irtetea.
Musika talde bat: Kiss.
Bidaiatzeko toki bat: Eslovakia.
Pelikula bat: Un ciudadano ejemplar.
Telesail bat: Prison break.
Baso erdi hutsa edo erdi betea: Erdi betea.
Liburu bat: Las cenizas de Ángela.
Kirol bat: Futbola.