Eskoriatzarren esku daude datozen urteotako inbertsioak

Mirian Biteri 2013ko urtarrilaren 11

Hirigintza arloan datozen urteei begira aurreikusita dauden proiektuetan zeresan handia dute eskoriatzarrek, eguaztenera arte, hilak 16, Udalak gertatutako 13 egitasmoen artean bozkatzeko aukera izango dute-eta. Hain justu, 13 horietatik 10 aukeratu behar ditu bakoitzak, beharrezkoenari 10 puntu emanez, hurrengoari 9 eta horrela, hurrenez hurren.

Proiektu guztiak Udalaren webgunean (www.eskoriatza.net) ikusi daitezke. Interneten ez ezik, Ibarraundin ere ezagutu ahal izango dira ostera ere proiektu horien gaineko azalpenak. Astelehenetik eguaztenera, erakusketa jarriko dute-eta museoan honako ordutegian: 11:00etatik 13:00etara eta 17:00etara 19:00etara. Inbertsio bakoitza banan-banan aztertu ostean, botoa ere emateko aukera izango dute horretan eskoriatzarrek.

Garestienak 100.000 euro

Udalak askotariko egitasmoak gertatu ditu, hala nola, mugikortasun, aisialdi, kultura edo ur hornidura sarearekin lotutakoak. Lan horien aurrekontuetan ere alde handia dago: Zaldibar Antzokia bukatzeko lanak eta Arana eta Intxaurtxueta kaleak asfaltatzeko obrak dira garestienak (100.000 euro inguru), eta autobus geltoki berria Gorosarri plaza parean jartzea eta kiroldegiko gimnasioa handitzea, ostera, xumeenak (16.000 eurotik beherakoak). Dena dela, San Pedro auzo eta Luis Ezeiza berritzeko, Olazarko horma egonkortzeko eta udaletxeko harrera berritzeko lanen aurrekontua oraindik zehazteke dago.

Inbertsio asko dira eta Udalak ez du guzti horiek aurten egiterik, eta hortaz, herritarren lehentasunen arabera egitea erabaki du. Horren harira, honakoa aipatu du: "Tamalez, aurten ezingo dira inbertsio proiektu guztiak gauzatu eta horregatik premia eta garrantziaren arabera aukeratzea eskatzen zaie herritarrei".

EskoHitza 2013 parte-hartze prozesuaren harira kokatuta daude esandako proposamenak. Ez da prozesu horren harira egindako ekintza bakarra, abenduan arloka banatutako lau batzar antolatu zituzten-eta herritarrekin.
Datozen urteotako inbertsio proposamenak:

Arana eta Intxaurtxueta asfaltatu: Arana kaleko 2. zenbakitik Intxaurtxueta auzoko Apotzagarako bidegurutzeraino asfaltatzea. Horretarako, aurretik, egungo zorua fresatuko da, eta gero, plataforma saneatu ondoren, asfaltatu egingo da. Aurrekontua: 96.000 euro.

Erdialdea oinezkoendako egokitu: Lanak Gaztañaduiko 11. zenbakidun eta Jose Aranako 2. zenbakidun etxe parean egingo da. Puntu horietan semaforo bana jarriko dira udaletxean jarriko den ordenagailu batera konektatuta. Baimendutako ibilgailuak bakarrik pasa ahal izango dira. Aurrekontua: 30.000 euro.

Aparkalekua Santa Mariñen: Plaza ondoan dagoen 3.000 metro koadro egokitu gura dira behin-behineko aparkaleku publikoa egiteko, aurreikusitako etxebizitzak egiten hasi arte. 120 aparkaleku egitea aurreikusten da. Aurrekontua: 58.000 euro.

Autobus geltoki berria Gorosarrin: Autobus geltoki berria Gorosarri plaza parean jarri gura da, egungoa arriskutsua delako. Egokitzapen lanak egin beharko lirateke, egungo markesina tokiz aldatu aurretik. Aurrekontua: 11.000 euro.

Ur hodia Gaztañaduitik: Inbertsio hori Gaztañadui kalean egingo litzateke, 11. eta 27. zenbakien artean; ur hornidura sareko hodi zatia aldatuko litzateke. Horrela matxurak saihestu gura dira. Aurrekontua: 54.000 euro.

Ur biltegietan gailuak: Gailuak jarriko dira udal ur biltegietan eta kontagailuetan, momentu bakoitzeko ur kontsumoaren informazioa zentralizatzeko eta azkarrago erantzun ahal izateko ur-ihesik egonez gero. Aurrekontua: 22.000 euro.

Hirugarren faseko lanak San Pedron: San Pedro auzoa berritzeko egitasmoa amaituko litzateke. Honako obrak 10. eta 17. zenbakien artean egingo dira: ura, saneamendu, argiteria eta telebista azpiegitura berriak sartu; espaloiaren zoladura egin eta zorua asfaltatu; eta kontsumo gutxiko farolak eta hiri altzariak jarri.

Olazarko horma egonkortu: Kanposantuaren azpi aldean dago, Olazar 10, 11 eta 12 zenbakidun etxeen atze aldean. Hormigoizko horma egingo litzateke, harlangaitzez estalia eta goiko ur bideko inguruarekin integratuta.

Hobekuntzak Luis Ezeizan: Luis Ezeiza herri eskolan azken urteetan egindako hobetze eta mantentze-lanekin jarraitzea; hain justu, kanpoko eta barruko arotzeria konponduko litzakete.

Kiroldegiko gimnasioa handitzea: Gimnasioa handitzeko obrak kiroldegiko beheko solairuan egingo dira. Horretarako, gimnasioaren ondoan dauden aldageletako eta botika-gelako hormak botako dira. Aurrekontua: 16.000 euro.

Udaletxeko harrera berritzea: Udaletxeko beheko solairuan espazio berria diseinatu eta egin gura da, eskoriatzarrei harrera egiteko zerbitzua hobetzeko. Horretarako, beharrezkoa izango da mostradorea kentzea.

Zaldibar kanpotik urbanizatzea: Eraikinaren ondoan beirazko sarbidea egingo litzateke. Osagarri moduan, antzoki parean dagoen espaloia eta aparkalekuak berriz urbanizatuko lirateke. Lanen eraginez farolak eta hiri altzariak lekuz aldatu beharko lirateke. Egungo aparkalekuak bere horretan mantentzeko ahalegina egingo da. Aurrekontua: 90.000 euro.

Zaldibar antzokia janztea: Proiektu eszenikoa osatzeko beharrezko ekipamendua eta altzariak jartzean datza inbertsio hori. Beheko solairuan aulkiak jarriko dira, eta goiko solairuan, besaulkiak. Orain exekuzio fasean dauden lanen barruan proiekzio-kabinarentzako espazioa egokitzen ari dira. Besteak beste, nahasketa-mahaia, eszenariorako makinak eta argiak eta soinua jarriko dira horretan. Aurrekontua: 100.000 euro.

 

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak