Kirol zerbitzuari bultzada emateko lanean dihardute

Mirian Biteri 2013ko urt. 10a, 13:50

Eskoriatzako udal kirol zerbitzuan lanean buru-belarri dihardute azkenaldian. Joan den astean ate irekiak egin zituzten kiroldegian, han antolatzen diren kirol jarduerak debalde probatzeko aukera izateko. Horretaz gainera, otsailerako udal kirol teknikari berria izatea espero dute. Kirolari bultzada eman gura zaio guzti horrekin.

Eskoriatzan kirola egiten bada ere, kiroldegiko instalazioak ez direla behar beste erabiltzen uste du Kirol zinegotzi Igor Ezpeletak.Horregatik kiroldegiko ateak zabaldu zituzten joan den asteko eguenean eta barikuan. Asmoa: Hango instalazioak eta eskaintza ezagutu, hainbat jarduera debalde probatu eta gustuko izanez gero, izena eman.

Askotariko jarduerak eskaintzen dituzte, hala nola, aikido, pilates, tonifikazioa edo spinning. Horretaz gainera, Ezpeletak jakinarazi du bestelako jarduerak eskaintzeko gertu ere badaudela, baina ikaslerik ez dutela.

Ate irekiak antolatzearekin batera, egoerari buelta emateko, kirol teknikariaren beharra ikusi dute Udalean, eta horretan dihardute azken hilabeteotan.

KPIren igoera

Herrian dauden kirol instalazioak erabiltzeko gonbidea egin du Ezpeletak. Horren harira, gogorarazi du urte berriarekin batera, tarifa gehienek KPIren igoera izan dutela, hainbat jaitsi badira ere.

Askotariko tarifak daude, erabiltzaile bakoitzaren beharretara egokituta. Banakako abonuari dagokionez, 18 urtetik gorakoenak 103,55 euro balio du urte osorako. Ikasleek, Eskoriatza kirol elkarteko federatuek eta langabetuek, 53,65 euro ordaintzen dituzte. Familia abonua, ostera, 141,45 euroren truke eskura daiteke; eta familia ugariena 70,45 euroren truke. Urte erdi eta hiru hilabeteko abonua egiteko aukera ere badago.

Horretaz gainera, kiroldegiko kantxa ere alokatu daiteke, 43,85 eurogatik argiarekin, eta 37,25 argi barik; baita pilotaleku txikiak ere 4,75 euroren truke.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak