Eskoriatzako neskek galdu egin zuten atzo Bera Bera Grosen kontra (36-47)

Goiatz Arana Begiristain 2012ko abenduaren 20a

Atzo, eguaztena, Eskoriatzako saskibaloiko senior neskek txapelketako lehen faseko azken partidua jokatu zuten etxean, Donostiako Bera Bera Gros taldearen kontra, eta galdu egin zuten (36-47); denboraldiko hirugarren porrota izan zen eskoriatzarrentzat.

Lehen laurdenean eustea lortu zuten arren, akats dezente egin zituzten eta aurkariek ez zuten aukerarik galdu: distantzia irabazteko aprobetxatu zituzten hutsegite horiek, bigarren laurdeneko azken minutuetan batez ere (21-30). Eta bigarren erdian ere, Donostiakoak Eskoriatzakoak baino gehiago izan ziren: bisitariek joko lasaia eta ondo neurtua egin zuten, etxekoak kontra-eraso eta jokaldiak bukatu ezinik zebiltzan bitartean.

Edozein kasutan, Eskoriatzako neskek lortu dute denboraldiko lehen helburua betetzea: bere taldean hirugarren geratu da eta, beraz, talde bakoitzeko onenen kontra neurtuko ditu indarrak Gabonetako atsedenaren ostean.

Bigarren fase on bat egitera

Sei garaipen eta hiru porrotekin, Fernando Rasoren neskek gauza asko dituzte hobetzeko. Eta horrekin batera, konfiantza irabaztea eta esperientzia hartzea izango da erronka nagusietako bat, kontuan izanik dezente jokalarik egin dutela seniorretarako jauzia aurtengo urtean. Taldeak eta jarraitzaileek espero dute, gogor lan eginez, bigarren fase on bat egitea eta Lauko Finalera ailegatzea, beste urte batez.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak