Hasteko, zelan joan zen zapatuko Euskadiko Masterra?
Seigarren postuan amaitu nuen, espero baino hobeto. Hiru partidu jokatu nituen: lehena Javier Villanuevaren aurka 3-0 galdu nuen; gero bera izan zen txapeldun. Bigarren lehia irabazi egin nuen. Iruñean bizi den Liam Kane ingelesaren aurka (3-1). Azken partiduan, bosgarren edo seigarren postua erabakitzekoan, 3-2 galdu nuen Sestaoko Aitor Yanguasen aurrean. Faborito argia zen Yanguas, baina oso ondo jokatu nuen eta izugarri luzatu zen.
Zer dela-eta hasi zinen squashean jokatzen?
Nahiko berandu hasi nintzen, hemen badira squashean jokatzen 23 urte daramatzatenak. Nik azken lau urteak egin ditut seriotasun apur batekin. Eskoriatzan hasi nintzen jokatzen, kiroldegian dagoen pilotaleku txikian; hura ez da squasheko kantxa, pilotaleku txiki bat da, baina jendea gustura ibiltzen da han squashean, baita esku pilotan ere. Gero Arrasatera etortzea erabaki nuen, eta gaur arte.
Eta zer dauka kirol horrek?
Oso azkarra dela, eskua hartzerakoan berehala engantxatzen zaitu. Denbora tarte txikian kirol mordoa egiten da, partidu bat jokatzen ari bazara, eta momentu batean kontzentrazioa galdu kontrarioak lau tanto egingo dizkizu jarraian. Horrek esan nahi du ezin dela partiduaren haria galdu, kontzentrazioa etengabekoa izan behar da; ezin zaitezke lasaitu. Asko betetzen nauen kirol jarduera da.
Erraketa erabiltzen den beste edozein kirol modalitateak baino gehiago?
Bai. Frontenisean jokatu izan dut, padelean ere ibili izan naiz, baina nik squasha nahiago dut. Beste horiek lasaiagoak dira, arnasa har dezakezu, pilotaren botea handiagoa izaten da, txapa altuago dago... Horiek ere gustatzen zaizkit, baina nahiago dut squasha.
Astean zenbat denbora eskaintzen diozu squashari?
Aste batzuetan hirutan entrenatzen naiz, pare bat orduz, beste batzuetan bost alditan... Beti iruditzen zait gutxi dela [Barre].
Gaur egun zenbat lagun ari zarete AKE Squash Taldean?
Txapelketetara maiztasunez joaten garenok hiruzpalau gara, baina guztira zortzi lagun inguru ibiltzen gara squashean maiztasunez jokatzen. Taldean, berriz, hogei lagunetik gora gara, baina batzuk tarteka etortzen dira jokatzera.
Zaila da jendea kirol honetara erakartzea?
Bai, zaila da, publizitate gutxi duelako. Adibide garbi bat emango dut, aste honetan gertatu den kontu bat: Borja Golan Granadako squash jokalari bat da, eta 15 urte zituenean Ingalaterrara joan zen squashean jokatzera, profesionala da. Bada, Munduko Txapelketa jokatu berri du, eta bosgarren sailkatu da; hain zuzen, txapelketa irabazi duenak kanporatu zuen. Pentsa, Munduko Txapelketan bosgarren sailkatu, eta inon ez da azaldu. Marca kirol egunkariak lau lerro eskaini zizkion; uste dut horrek dena esaten duela.
Munduan zenbat lagun ibiliko dira squashetik bizi izaten?
Munduko rankingean lehenengo 20ak seguru profesionalak direla. Espainian ere badago bateren bat. Baina, normalena da eskolak emanaz soldata irabaztea.
Eta, Euskal Herrian ze egoeratan dago squasha, ze, behera etorrita dagoen kirol jarduera da.
Bai, ezin da esan jende asko ibiltzen denik. 90eko hamarkadan oso jarduera popularra zen, kiroldegi ia guztietan zeuden squash kantxak, baina gero behera egin zuen. Orain hemengo txapelketetan 40 lagun inguru ibiliko gara, baina ikustekoa dago, esaterako, Iruñean zelako zaletasuna dagoen. Han 80-100 lagun inguru batzen dira squashean jokatzeko. Tarteka neu ere Iruñera joaten naiz, giro polita egoten da.
Zer behar da squashean jokatzeko? Izan ere, kirol jarduera gogorraren fama du.
Gogoa, ez da gehiago behar. Egia da squashean jokatzen hasterakoan giharretako mina denean izaten dugula [Barre] baina beste kirol jardueratan moduan, poliki hastea da gakoa, eta norberak neurtzea ze mailatan edo ze intentsitatetan jokatu behar duen. Gurean bada jende oso garaia, motelak direnak jokatzen, baina oso teknikoak. Eta badira teknikoak ez direnak, baina oso azkarrak. Eta adinean ere antzera. Nire lagun baten aita izan zen Espainiako lehenengo squash monitorea, eta 71 urterekin beteranoen Espainiako Txapelketa jokatu berri du.
Horrek erakusten du, zainduz gero, posible dela squashean luzaroan jokatzea.
Duda barik. Kirol zorrotza da, baina norberak jakin behar du ze mailatan jokatu behar duen. Aspaldian kirolik egin ez duenak eta korrika neurri gabe hasten denak sekulako giharretako mina izango du hurrengo egunean. Hemen berdin, gertatzen dena da squashean imajina ezin dezakegun lekuetan izaten dugula giharretako mina [Barre]. Egia da, baina, squashean jokatzen dudanean ez dudala gerriko minik izaten, eta jokatzen ez dudanean, ostera, bai.