Teleskoren banaketa sarearen erabilera neurtuko du Udalak

Amaia Txintxurreta Guridi 2012ko abenduaren 18a

Hilaren 20ra arte jasoko dute informazioa eta helburua da jakitea zenbat eskoriatzarri interesatzen zaien telebanaketa sare hori. Izan ere, hobekuntzak behar ditu Udal telebanaketa sareak eta inbertsioak egin beharko dira. Hala ere, inbertsioak zenbaterainokoak izan behar diren erabakitzeko eta banaketa sarea zenbateraino den beharrezkoa jakiteko, neurketa bat egingo dute Eskoriatzako Udaletik.

 

Teleskoren banaketa sarea aztertzen dabiltza from Goiena Komunikazio Taldea on Vimeo.

Eskoriatzan gaur egun telebista bi modutara ikus daiteke: Telesko Udal telebanaketa sarearen bitartez ala operadore pribatu baten bitartez (Euskaltel, Imagenio, Canal +...).


Udal sarearen mantentzerako 2012an ordaindu beharreko tasa 18,30 eurokoa da eta kopuru hori telebista sarea erabiltzeagatik ordaintzen zaio Udalari, hau da, eskuragarri dauden telebista kanalen seinalea kable bidez ikusteagatik (ETB1, ETB2, Antena 3, Tele5, Telesko...). Ez da Telesko kanala bakarrik ikusteagatik ordaintzen. Hauxe esan digu Arantxa Unzueta kultura teknikariak: "Herritar asko nahastu egiten dira sarearekin eta telebistarekin izen bera dutelako. Etxe askotan operadore pribatua jarri zutenean, baja eman zuten Teleskon, eta pentsatzen zuten Telesko bakarrik telebista zela eta orain arte Udalak ez du ezer berezirik egin nahiz eta pertsona horiek jarraitu duten erabiltzen Udalaren banaketa sistema hori".


Orain, Udalak jakin nahi du zeini interesatzen zaion Telesko telebanaketa sarea izatea "izan ere, kontziente gara eta orain ikusten ari gara jende askok eta askok sarea erabiltzen duela baina ez duela kuota ordaintzen, baja eman duelako. Guk telebistako seinalea ez dugunez moztu, jarraitu egiten dute sarea erabiltzen" azaldu digu Unzuetak.

Sareak hobekuntza beharra

Udal telebanaketa sare horrek hobekuntzak behar ditu: "Zahartuta dago, leku batzuetan kablea ez dago ondo eta seinalea ez da egoki iristen etxe batzuetara" dio Unzuetak. Horregatik, hobekuntzak lortzeko, inbertsio garrantzitsuak egin beharko dira. Hobekuntza horiek eginez gero, zerbitzu hobea eskaini ahal izango da eta telebista kanal gehiago ikusi ahal izango dira. Baina inbertsioak zenbaterainokoak izan behar diren erabakitzeko eta banaketa sarea zenbateraino den beharrezkoa jakiteko, neurketa bat egingo dute Eskoriatzako Udaletik.

Beharrak aztertzen

Erabakiren bat hartu aurretik, beraz, Udalak jakin nahi du gaur egun Udal telebanaketa sarea zenbat etxetan erabiltzen den edo zenbatek duten erabiltzeko interesa.


Datu horiek hilaren 20ra arte jaso nahi dituzte. Horretarako, etxeetako atarietan paper bat jarri dute eta bertan honakoa adierazi beharko du bizilagun bakoitzak: Teleskon alta emanda dagoen, hau da, kuota ordaintzen duen eta jarraitzeko asmorik duen; alta emanda ez badago, alta emateko eta sarea erabiltzeko asmorik duen; edo ez duen sarea erabiltzeko interesik beste telebista zerbitzu bat kontratatuta duelako edo ez duelako zerbitzu hori behar.
Gogoratu behar da, Teleskoren banaketa sarean alta emanez gero ordaindu beharreko kuota 73,46 eurokoa dela 2012an eta hori alta ematerakoan ordaindu beharko dela soilik. Urteko mantentze kuota, berriz, 18,30 eurokoa da 2012an eta hori urtero ordaindu beharreko kantitatea da.


Hortik aurrera, Eskoriatzako Udalak telebanaketaren sarearen behin betiko errolda osatuko du eta ondoren errolda horretan alta ez diren etxe guztietan telebista seinalea moztuko du. Ordaintzen ez dutenek, beraz, telebista ikusteko zerbitzu pribatua kontratatu beharko dute.

Telesko telebista

Bestalde, legealdi honetan Teleskoren inguruko hausnarketa egiteko beharra ikusi zuten Udalean. Horren harira, urria amaieran bilera bat egin zuten herritarrekin.


Udalaren proposamena izan zen bi komunikazio zerbitzu eduki beharrean, bakarra integratuta izatea eta hortik bideratzea komunikazio guztiak. Hauxe adierazi zuen Beñat Herce alkateak: "Telesko fundazio bezala alde batera utzi eta udaletxean bertan komunikazio departamendu bat sortzea aztertzen gabiltza. Handik bideratuko lirateke komunikazio denak eta telebanaketa zerbitzua ere bertatik eskainiko litzateke”. Komunikazio zerbitzua webgunean integratua egotea ere proposatu zuten Udaletik, bertan zuzeneko emanaldiak, berriak eta artxibo bideografiko historikoa txertatzeko eta analizatzen ari dira baita ere eskaini ahal diren beste zerbitzu gehigarri batzuk, esaterako, internet horniketa zerbitzua.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak