Salmorejo Film taldearen 'Trans', III. 'Ti tau!' film laburren rallyaren irabazle

Ander Monedero 2012ko abenduaren 17a

Publikoaren saria Mainontziak taldeak irabazi zuen. Eingeinke Eskoriatzako taldeak antolatuta egin zuten 'Ti Tau!' umorezko laburmetrai rallya  zapatuan, eta talde bakoitzak bederatzi ordu izan zituen laburmetraia egiteko. 

Hirugarren edizioa izan da, eta Eingeinke elkartekoek lehiaketaren oinarriak aldatu eta laburmetraiak umorezkoak izatea derrigortu dute. Aldaketa hori egunaren bukaeran egin zuten lanen proiekzioan nabaritu zen: laburmetraiak hasi eta berehala, publikoa barrezka hasten zen.

2012ko Ti Tau! jaialdian, lau talde aurkeztu ziren: Hegoaixe, Mainontziak, Penedrive eta Salmorejo Films. Antolakuntza lanetan ibili zen Aitor Agirianoren esanetan, jaialdiaren data aldaketak parte-hartzea txikiago izatea ekarri zuen, baina sortutako giroarekin pozik zeudela nabarmendu zuen. Rallyan parte hartu zuten lau taldeek bederatzi ordutan umorezko laburmetraia bat egin behar zuten eta antolakuntzak aukeratutako sei lekuetatik hiru leku agertu behar ziren.

Horrelakoetan gertatzen den bezala, talde bakoitzak leku horien ikuspuntu erabat ezberdina erakutsi zigun: batek Alberja jacuzzian bihur zuen eta besteak elizan.

Bi sari, bi ikuspuntu

Zapatuko umorezko laburmetrai rallyan, bi sari banatu zituzten: epaimahaiaren saria eta publikoaren saria. Bi sari hauek banatzerako orduan irizpideak zeharo desberdinak izan ziren: epaimahaiaren sariak gidoiaren eta irudien kalitatea baloratu zituen eta publikoak gehien barrearazi zion laburmetraia aukeratu zuen. Laburmetrai rallyaren sari nagusia, 300 eurokoa, Salmorejo Films taldearen Trans laburmetraiak irabazi zuen. Filmean, Eskoriatzako herritar batek izandako transformazio edo eraldaketa kontatzen dute.

Publikoaren saria, berriz, Mainontziak taldeak egindako Entre fogones y lapikos laburmetraiak irabazi zuen. Bertan, Eskoriatza telebistako sukaldaritza saioan, Argiñanoren laguntzarekin, osagai naturalekin patata tortilla bat nola egin erakutsi zuten. Egindako lanarengatik Mainontziak taldeko hiru kideek urdaiazpikoa eta botila bat xanpain irabazi zuten.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak