Plataformako kide bik mozioa irakurri zuten. Blanca Merchanek egungo egoeraren berri eman zuen eta Sandra Muñozek honakoa eskatu zuen: Espainiako Gobernuari eta Gorteei hipoteken arauen aldaketa presaz onartzea eskatzea, eta horretan orain arte egindako hipotekei atzera eraginarekin aplikatzea etxea ordainean ematearen figura; legea aldatu arte benetako moratoria onartzeko exijitzea; banketxeei eskatzea kaleratzeak ekiditeko helburua izango duen plana martxan jartzea; hipoteka exekuzioak egiten jarraitzen duten banketxeetatik Udalaren fondoak ateratzeko neurriak hartzea; eta kaltetuei aholkularitza ematea eta ahal duen neurrian, laguntzea.
Herce, euskaltegiko ordezkari
Bestalde, Leintz Udal Euskaltegirako ordezkari berria izendatu zuen Udalak: Beñat Herce alkatea berak hartu du ardura hori. Elizateetako zinegotzi eta Euskara saileko arduradun Iker Akizuk zen udal ordezkaria; haren dimisioarekin ordezkari berria aukeratu behar izan dute.
Ordenantza fiskalak, behin betiko onartuta
Bilkura berean, behin betiko onartu ziren ordenantza fiskalak. Ibarraundik aurkeztutako alegazioari baietza eman ondoren onartu zituzten horiek; hain justu, unibertsitateko ikasleek museoko sarreran hobaria izatea eskatzen zuten museoko teknikariek.