Badator 'Ti Tau!' film laburren rallya

Mirian Biteri 2012ko abenduaren 14a

Bihar egingo dute film laburren lehiaketa. Aurten, umorezko lanak egin beharko dituzte parte-hartzaileek. Tristura garai hauetan, umoreari eta alaitasunari eutsi nahi diote modu horretan Eingeinke gazte ekimenekoek.

Betiko moduan, egun osoa izango dute parte-hartzaileek film laburra gertatzeko; 09:30ean, lehiakideei Ibarraundin ongi etorria egin ostean, gaia banatuko zaie. Gaia objektu bat izango da, eta horrez gainera, herriko sei leku edo ezaugarri banatuko dira, eta horietatik gutxienez hiru agertu beharko dira.

Jarraian, lanen grabaketa eta edizioarekin hasiko dira lehiakideak. Talde bakoitzak bere ekipoa ekarri beharko du, eta antolakuntzak argindarra eta ediziorako mahaiak jarriko ditu. Lanak gehienez lau minutukoak izango dira.

19:00etarako aurkeztuko dira horiek, USB batean. Jarraian, ikus-entzunezko eta umorearekin lotutako lagunekin osatutako epaimahaiak filmak baloratzen dituen bitartean, luncha izango dute partaideek. 21:30ean, lan guztiak ikusi ahal izango da, eta irabazlea ezagutaraziko da. Irabazleak 300 euro lortuko ditu; Ikusleek ere lan onena aukeratzeko aukera izango dute.

Interesa dutenek www.eingeinke.org webgunean aurkituko dute ekimen honen gaineko informazioa.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak