Aretora sartzean, parte-hartzaileek mapa batean nongoak ziren jakinarazi behar zuten; gehienak, kalekoak ziren, Marin eta Mazmela elizateetakoak baziren ere. Batzar guztietan jasotako datuak aztertuko ditu gero Udalak, datozen urteotan egingo diren batzarretara auzo eta elizate guztietako eskoriatzarrak erakartzeko.
Beñat Hercek hartu zuen jarraian hitza. Amaitzear dagoen urtearen balorazio laburra egin ostean, jakinarazi zuen datorren urteko kontuetan gastu korrontea sarrera korronteen kopurura egokitzen saiatuko direla, eta arlo ezberdinetako eskaerak mantentzen saiatuko direla.
Berbaldia amaitzean hiru taldetan banatu ziren: hain justu, kultura eta jaiak, euskara eta liburutegia eta hezkuntza eta gazteria; mahai bakoitzaren bueltan, arlo bakoitzeko teknikari eta zinegotziak izan ziren. Aurten ondo egindakoak eta hobetzekoak aztertu zituzten, eta datorren urteko lehentasunak zehaztu. Batzarra amaitu aurretik, balorazioa egiteko aukera egon zen: giroa, erabilitako metodologia eta emaitzak.
Kulturako bilera eguaztenean egin bazen ere, gainerakoak datorren astean izango dira: Astelehenean, hilak 17, kirol arlokoa egingo dute, 18:30ean. Martitzenean, ostera, 19:00etan, ingurumena eta turismoaren gainean jarduteko aukera izango da; eta eguaztenean, abenduak 19, gizarte ongizateaz, 17:00etan. Batzar guztiak Ibarraundi museoan izango dira.
Erakusketan 15 proiektu
Batzarrez gain, datorren urterako aurreikusten diren proiektu esanguratsuenen gaineko erakusketa zabalduko dute datorren astean Ibarraundin. Denera, Hirigintzarekin lotutako 15 proiektu aurkeztuko ditu Udalak, hala nola, erdiko kaleetako asfaltatzea, antzokia amaitzea, gimnasioa handitzea edo hilerrira doan aldapa leuntzea. Eskoriatzarrek horien gainean duten iritzia jakinarazteko aukera izango dute. Astelehenetik egubakoitzera bitartean bisitatu ahal izango da, 09:00etatik 13:00etara eta 17:00etatik 19:00etara bitartean.