Astelehenean izena emandako gehienak joan den urtean egondakoak dira eta errepikatzeko asmoa dute, bakarren bat berria bada ere. Izena ematearekin batera, bakoitzari ondoen datorkion ordutegia ere aipatu zuen.
Orain taldeak osatzen hasiko dira. Euskara udal teknikari Mari Carmen Arrietak nabarmendu du askotariko jendeak eman duela izena, eta partaide bakoitzaren beharretara egokitutako taldeak antolatu behar dituela. Horren harira, aurreratu digu eguen iluntzean pintxo potean dabilen taldea irtengo dela aurten ere.
Ikastetxe eta euskaltegia
Dena dela, taldeak osatu aurretik, herriko ikastetxe eta udal euskaltegiarekin harremanetan jarriko dira Euskara zerbitzukoak, euskaldun berri gehiago erakartzeko. Horrekin batera, gogorarazi digu Berbalaguna egitasmoan parte hartzeko interesa dutenek hiru bide dituztela izena emateko: kultura etxera joanda, 943 71 46 88 telefono zenbakira deituta, edo euskara@eskoriatza.net posta elektronikora idatzita.
Hirugarrenez jarriko dute martxan Berbalaguna izeneko egitasmoa Eskoriatzan. Euskara ikasten ari direnak edo berba egiteko aukerarik ez dutenak euskaldunekin elkartzea du helburu, euskaldun berriek euskaraz aritzeko aukera izan dezaten. Joan den urtean hiru talde sortu ziren egitasmo horren bueltan.