Ikurrinari omenaldia eta agurra

Mirian Biteri 2012ko azaroaren 26a

Eskoriatzan bizi diren 26 nazionalitateetako banderak daude zapatu iluntzeaz geroztik udaletxeko balkoian eta osoko bilkuren aretoan. Baina, banderak igo aurretik, ikurrina omendu zuten. Lehenengo agurra, eta jarraian, ikurrin dantza bi dantzatu zituzten.

Espainiako epaitegiak legea betearaztera eta Espainiako bandera jartzera behartzearen ondotik dator ekimena.

Dantzen ondotik, Beñat Herce alkateak hartu zuen hitza. Aipatu zuen "herritartasunaren adierazle" banderak mendeetan gizakiok "harrotasunez" erakutsitako ikurrak izan badira ere, horiek lurralde bati "inposatzeko" nahia dela-eta, "ezbehar, guda eta heriotzak" eragin dituztela. Egun, bakoitzak bere herria eta ikurra zein den erabakitzeko eskubidea izan behar duela esan zuen, "inposiziorik gabe".

Gertatutakoa eskoriatzarron "eskubide urraketa" dela eta honakoa aipatu zuen: "Gu euskaldunak gara, eta Euskal Herria libre eta independente izatea gura dugu".

Udala ahal dena egiten saiatu bada ere, "gogoz kontrakoa" bada ere, epaia onartzea erabaki dutela esan zuen; baina, Espainola bakarrik jarri beharrean, Eskoriatzan erroldatuta dauden guztien ikurrak jartzea erabaki dute. Etxeko balkoietan ikurrina jartzeko deia ere egin zuen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak