Aurten ere, beste urte batzuetan bezala, 1.450 sarrera jarri dituzte salgai, eta, ondo saldu diren arren, beste urte batzuetan baino salmenta lasaiagoa izan dute.
Hasteko, eskoletan jartzen dituzte salgai sarrerak, eta ondoren, geratzen direnak kiroldegian jartzen dituzte salgai. Beste urte batzuetan kiroldegira 250 sarrera inguru iristen ziren. Aurten, baina, 500 sarrera baino gehiago izan dira salgai egunotan kiroldegian.
'Sinfonikoa'
Pirritx, Porrotx eta Mari Mototsentzat urte berezia da aurtengoa. 25 urte igaro dira sudur gorriak eta zapata handiak jantzi eta herriz herri euskara eta alaitasuna zabaltzen hasi zirenetik. 25 urte horietako jarduna eta bizitako abenturak ospatzeko disko sinfonikoa grabatu dute pailazoek, urte hauetan bildutako abestien artean aukeratutakoekin osatua. Joan den zapatuan estreinatu zuten, Elgoibarren, eta, hain zuzen, Eskoriatza euren ikuskizun berria eskaintzen duten laugarren herria izango da.