Aurtengoa, indusketen laugarren ekitaldia da eta ekaineko lehenengo hamabostaldian Atxorrotzeko harresia berreskuratzen aritu ziren Larrate Zerbitzu Kulturalak-eko lantaldea. Urrian egindako lanetan ermita barruan zundaketa bat egin zen, izan ere, seguruenik, dorre nagusia gaur egun ermita dagoen lekuan egon zela uste da, ur biltegiaren ondoan, esparruko leku altuenean. Biharko bisitan arkeologoak eta historialariak egiten dabiltzan lan horiek bertatik bertara ezagutzeko aukera paregabea egongo da bertaratzen direnendako.
Atxorrotzen lenenengo esku hartzea 2009. urtean hasi zen eta gazteluaren eremuko interes arkeologikoa ezagutzeko balio izan zuen. 2010. urtean lagin-zundaketa handitu zuten, besteak beste, eta joan zen urteko lanen helburu nagusia izan zen hegoaldeko harresiaren zati bat sendotzea.