Beñat Herce Eskoriatzako alkatea eta Igor Ezpeleta Ingurumen zinegotzia arduratu ziren hitzaldia emateaz. Beraiekin batera egon zen Antzuolako alkate ohi Pedro Iturbe, ibarrean atez atekoa martxan dagoen herri bakarraren esperientzia izan baitzen berbaldiko ardatza.
Egungo egoera zein den azalduz hasi zen barbaldia; arazorik handienak ere non dauden eman zuten aditzera. Jarraian, arazoari irtenbidea ematerik badagoela adierazita, atez-atekoaren nondik-norakoak azaldu zituzten. Eskoriatzako udal ordezkariek adierazi zuten, atez atekoaren gainean herritarrek orain arte ez dutela informazio askorik jaso, eta "aldeko zein kontrako iritzia edukitzeko funtsezkoa da informazioa edukitzea", adierazi zuen Ezpeletak.
Ibarraundiko hitzordura gerturatutako asko ez zeuden konforme sistemarekin: "Garrantzitsua da egoera zein den azaltzea". Arazoak irtenbidea daukala "eta gure apustuaren berri eman gura izan diegu". Bertaratutako askok beraien zalantza eta kexak azaldu zizkieten udal ordezkariei, eta hauek erantzuna ematen saiatu ziren.
Ingurumen zinegotziak adierazi zuenez 2014rako ezarri gura lukete sistema berria herrian. "Oraindik lan asko egin behar da eta gauza asko daude zehaztu eta erabakitzeko. Esate baterako, bilketa tokiak non egongo diren eta zein ordutan izango den. Larrialdietarako bilketa guneak ere egokituko ditugu, herriko zenbait lekutan, baina hori ere zehazteke dago".