Soziolinguistika Klusterrak iazko udazkenean egin zuen euskararen kale erabileraren neurketa Eskoriatzan. Ikerketa horretan kaleko elkarrizketetan euskararen presentzia zenbatekoa den neurtu dute eta hauxe da ondorioa: behatutako 10 elkarrizketetatik 3 euskaraz izan dira eta 6 gaztelaniaz. Beraz, %34,4koa da euskararen erabilera Eskoriatzan.
Herrian 2003an egin zen horrelako lehenengo azterketa eta ordutik 2009ra bitartean gora egin zuen euskararen presentziak kalean. Azken bi urtetan, baina, egonkor mantendu da euskararen erabilera Eskoriatzan.
Datuak adinaren arabera
Datuak adinaren arabera aztertuta, joera argia antzematen da Eskoriatzan: zenbat eta belaunaldi gazteagoak izan, orduan eta gehiago erabiltzen dute euskara. Horrela, haurrak dira euskara gehien erabiltzen dutenak: 2011ko neurketan, herrian behatutako haurren %46,6 aritu dira euskaraz. Ondoren, gazteak daude (%40,5 euskaraz), baina azken urteotan gazteen euskararen erabilerak behera egin du. Atzetik datoz helduak (%27,3), horiek euskararen erabilera handitu egin dute, eta, azkenik, adinekoak daude (%22,5), adinekoen artean behera egin du euskararen erabilerak. Aldeak, hortaz, handiak dira, eta haurren erabilera-tasak bikoiztu egiten du adinekoena.
Gainera, euskararen erabilerak adin-taldeka zer-nolako bilakaera izan duen aztertuz, aipagarria da azken neurketekin alderatuta, gora egin duela helduen erabilerak eta behera egin duela gazteenak eta adinekoenak.
Bestalde, haurrak haurrekin ari direnean eta nagusiak nagusiekin gutxiago erabiltzen dute euskara, solas-taldean haurrak eta nagusiak elkarrekin nahasita daudenean baino. Zeharka bada ere, datu horiek bi fenomenoren berri eman dezaketela ondorioztatu dute: batetik, Eskoriatzako hainbat euskaldunen hizkuntza-gaitasun ahularen berri, eta bestetik, hizkuntza belaunaldiz belaunaldi transmititzeko duten gogo eta konpromisoaren berri. Izan ere, nahiz eta nagusiak bakarrik dauden elkarrizketetan gaztelania gehiago erabiltzen den, haurrak tartean daudenean euskararen presentzia handitu egiten da.