Tasei dagokienez, gehienei igoera hori aplikatuko zaie, hauei esaterako: Udal hilerriko zerbitzuei, estolderia eta kontadoreak mantendu eta irakurtzeagatik ordaindu beharrekoari eta kirol instalazioak eta kirol zerbitzuak erabiltzeagatik ordaindu beharrekoari. Hala ere, badira salbuespenak. Adibidez, ur hornikuntza eskaintzeagatiko tasa %4,5era igoko dute. Izan ere, iaz ur Kontsortzioak fakturazioa %8an igo bazuen ere, zerbitzuaren erabiltzaileei bakarrik %4,5a igo zitzaien, eta %3,5a igotzeke gelditu zen. Aurten Kontsortzioak bere fakturazioa %1 igoko du gutxi gorabehera eta %4,5ean geldituko da.
Zaborraren tasari Mankomunitateak aplikatutako igoera jartzea erabaki dute, eta beraz, %3 igoko da. Autokonposta egiten dutenek, gainera, %25eko hobaria izango dutela azaldu zuen alkateak.
Zergei dagokienez ere, orokorrean guztiek izango dute %3,1eko igoera. Eta onartu zuten beste kontu bat izan zen babes ofizialeko etxebizitzentzat aurreikusitako hobariak kentzea. Horretarako, alkateak alegatu zuen babes ofizialeko etxebizitzak jabetzan eman gabe horien alokairua sustatu behar dela.
Bestalde, etxebizitza hutsentzako indarrean dagoen ordenantzan aurreikusitako errekargua %100era aldatzea ere erabaki zuten. Alkateak esan zuen etxebizitzen inguruan dagoen espekulazioaren aurka egiteko modu bat dela uste duela eta hutsik dauden etxebizitzak alokairuan jartzeko formulak bilatzen saiatu beharra dagoela.
Oposizioa
EAJk eta Ezker Anitzak gobernuaren proposamenaren kontra bozkatu zuten.
EAJko Aitor Urrutia zinegotziak salatu zuen ordenantza fiskalak igotzeko KPIaren igoera irizpide bezala hartzea eta automatikoki ia tasa eta zerga guztiei %3,1eko igoera aplikatzea modu automatikoan jokatzea dela eta “era errezean” egindako lana dela. Salatu zuen baita ere, zaborraren tasa %3 igotzea proposatu dutela Mankomunitatetik, baina hasierako asmoa %6,4 igotzea zela, eta ondorioz, Udalak %3,4ko zuloa egingo lukeela egotzi zuen. Horren atzean motibazio politiko “argia” dagoela gaineratu zuen Urrutiak eta atez atekoaren benetako kostua gordetzea salatu zion Udal gobernuari.
Ezker Anitzako zinegotzi Juan Luis Merinok, bestalde, %3,1eko igoera lartxo iruditzen zitzaiola esan zuen: “%3,1eko igoera langileei pixka bat zigortzea iruditzen zait eta nik proposatu dut %2,7ko igoera egitea Donostian onartu den bezala. Baina gero badaude berezitasun batzuk eta alegazioak aurkeztuko ditugu”.
Eskoriatzako Udal Gobernuaren gehiengoari esker, baina, aurrera egin zuen 2013rako ordenantza fiskalen gobernuaren proposamenak. Bilduko, elizateetako eta PSEren aldeko zortzi botorekin; eta kontrako bi botorekin, EAJrena eta Ezker Anitzarena.