XV. mendeko baserria, bioeraikuntzaren adibide

Jokin Bereziartua Lizarazu 2012ko urriaren 26a

Bizimodu jasangarriago bat posible dela frogatu zuten eskoriatzarrek joan den asteburuan. Aurtengo Jasangarritasun Asteburua ere arrakastatsua izan da eta egitarauko izarretako bat izan zen Sorautz baserria, Eskoriatzako zaharrenetarikoa; XV. mendeko artxibo batzuetan baserriaren gaineko aipamenak daude.

Zapatuan bisita egin zuten baserrira Bioeraikuntzaren Adiskideak deritzon taldeak. Urtean hiru edo lau aldiz elkartzen dira; 80 bat lagun batu ziren oraingoan. Hurrengo deialdian parte hartzeko ateak zabalik dituzte erabat. Bi bide daude izena emateko: bioeraikuntzaren.adiskideak@gmail.com helbidera idatzi edo 943 29 82 39 telefonora deitu.

Lanak, baserria errespetatuz

Sorautz baserria balio handiko ondarea izatez gain, bioeraikuntzaren adibide ere bada. Zer den bioeraikuntza? Bioeraikuntza modu osasungarri eta adeitsuan eraikitzeko artea da, naturarekiko zein pertsonekiko. 

Duela bi edo hiru urte baserriaren jabeek Oreka arkitektura enpresakoengana jo zuten baserria birgaitzeko asmoz: "Elkarlanean proiektu bat burutu eta lanak zuzentzeko proposamena egin ziguten eta orain hiru arkitekto ari gara lanean: Nagore Tolosa donostiarra, Amaia Agiriano aretxabaletarra eta hirurok", Ekaitz Uribe arkitekto aretxabaletarrak.

Kokapena eta orientazioa, perfektuak

Baserriaren balioa aintzat hartuta, baserria errespetatuz burututako lan bat eskatu zuten jabeek, eta Orekakoek hala egin dute: "Baserriaren diseinuan bioklimatika irizpideak erabili ditugu eta baserriaren kokapena eta orientazioa, usadiozko lekuko arkitektura gehienetan gertatzen den moduan, perfektuak dira, bai bioklimatika aldetik eta baita geobiologia aldetik ere. Harrizko horma gehienak mantendu dira, eta solairuak eta estalkia egurrezko egitura erabiliz eraiki dira", azaldu du Uribek.

Isolamendu naturala

Era berean, isolamendu naturalak erabili dituzte: kortxo naturala, egur zuntza eta zelulosa. Ez da altzairudun hormigoirik erabili, eta gainestaldurak karezko mortairuak erabiliz eraiki dira. Gainera, leihoen tamainak orientazioaren arabera aztertu dituzte: "Neguan eguzki-izpiak eta beroa eraikin barruan kontzentratzeko ahalegina egin dugu. Udan, berriz, eraikinaren beraren eta inguruko zuhaitzen itzalak erabiliko ditugu baserria larregi berotu ez dadin", dio arkitektoak.

Beste adibide berezi bat baserritik gertu

Sorautz baserriaren ondoan beste etxe bat dago bioeraikuntzaren printzipioak jarraituz eraiki dena: "Oso etxe berezia da. Tapia teknika erabiliz egosi gabeko lurrez eraikitako hormak altxatu dira, eta gainontzeko egitura egiteko egurra erabili da. Eraikinaren hormak altxatzeko ondoko obra bateko indusketa lanetako lurra erabili da. Lur horren analisiak egin ditugu eta gero, hormak eraiki dira honako materialarekin: lurra, legar zati bat, zementu zuria –%6a– eta ur nahastua", argitu du Uribek.

Bestalde, Uriberen arabera, egun garrantzia handia ematen zaio etxean kontsumitzen den energiari, baina eraikin baten aztarna ekologikoa neurtzeko eraikuntza prozesuan erabiltzen diren material eta teknikek duten berezko energia ere kontutan hartu behar dela dio.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak