Legealdi honetan Teleskoren inguruko hausnarketa egiteko beharra ikusi zuten Eskoriatzako Udalean, erakundea bera eta eskaintzen dituen zerbitzuen inguruan erabakiak hartzeko.
Behar horri erantzunez, Mondragon Unibertsitateko ikasle batek bere karrera amaierako proiektua garatu du Eskoriatzako Udalean eta atzo egin zuen Eneko Gabilondo ikasleak bere proiektuaren aurkezpena jendaurrean Ibarraundin. Ondoren, Beñat Herce alkateak hartu zuen hitza Teleskoren gaineko Udalaren asmoen berri emateko.
Udaletik atera duten ondorio bat izan da telebanaketa sarea nolabait mantendu egin behar dela gaur egun. Hauxe esan zuen Herce alkateak: “Oraindik Eskoriatzan badaude nolabaiteko mendekotasuna dutenak telebista etxeetan ikusteko sare honekin. Azkenean Eskoriatza puntu beltza da, seinalea jasotzeko garaian ez dago inongo antenarik, eta ez bada operadore pribatu batengatik, etxebizitza askotara Teleskoko seinalearekin iristen da telebista etxeetara”.
Bestalde, sarea existitzen zenez, bere garaian telebista kanal bat martxan jarri zen eta kanal horrekin ere erabaki bat hartu beharra ikusi dute ikus-entzuleak gutxitzen joan direlako eta emisioa ere geroz eta txikiagoa delako, alkatearen esanetan.
Udalaren proposamena, beraz, hauxe da: “Udalaren proposamena da bi komunikazio zerbitzu eduki beharrean, bakarra integratuta izatea eta hortik bideratzea komunikazio guztiak. Telesko fundazio bezala alde batera utzi eta udaletxean bertan komunikazio departamendu bat sortzea aztertzen gabiltza. Handik bideratuko lirateke komunikazio denak eta telebanaketa zerbitzua ere bertatik eskainiko litzateke”.
Komunikazio zerbitzua webgunean integratua egotea proposatzen dute Udaletik, bertan zuzeneko emanaldiak, berriak eta artxibo bideografiko historikoa txertatzeko.
Analizatzen ari dira baita ere eskaini ahal diren beste zerbitzu gehigarri batzuk, esaterako, internet horniketa zerbitzua.
Horiek dira, beraz, Teleskoren gainean momentuz mahai gainean dituzten proposamenak.