25 tona tapoi Aratzi laguntzeko

Amaia Txintxurreta Guridi 2012ko urriaren 26a

Joan den urteko ekain inguruan hasi zuten Aratz mutikoaren aldeko tapoi bilketa kanpaina, eta joan den hilabete bukaeran eman zioten amaiera. 25 tona tapoi jaso dituzte eta horren truke jasotako diruarekin etxeko komuna konpondu dute Aratzendako traba guztiak kenduta. Aratzen familiak eskoriatzar eta inguruko biztanle guztiak eskertu nahi izan ditu jaso duten laguntzagatik.

Urtarrilean 8 urte egingo dituen Eskoriatzako Aratz Aldai mutikoak garun paralisia dauka hiru hilabete zituenetik. Jaso duten tapoi tona bakoitzaren truke 210 euro eman dizkiote familiari, eta, 25 tona jaso dituztenez, guztira 5.250 euro lortu dituzte eskoriatzarren eta inguruko biztanleen laguntzarekin. "Hasieran kosta egin zitzaigun tapoiak batzeko kanpainari martxa hartzea, baina orain erritmo ona hartu du. Denei eskerrak eman nahi dizkiet, alde guztietatik ekarri dituztelako tapoiak eta oso erantzun ona izan duelako", azaldu digu Aratzen ama Igone Armendarizek.

Lan handia egin ondoren, 25 tona jaso dituzte eta "oso pozik" daudela esan digu Aratzen amak. Etxeko komuna Aratzendako egokitu dute, traba guztiak kenduta, eta orain erosoagoa egiten zaie eguneroko bizitza.

Aurrerantzean Naiararendako

Aratzendako beharrezkoak ziren tapoiak batu ondoren, orain Arrasateko Naiara Agredaren aldeko tapoi bilketa kanpainari eman zaio hasiera.

Naiarak 8 urte ditu eta hark ere garun paralisia dauka. Tapoiak saltzetik ateratako diruarekin gaixotasunaren ondorioz sortutako gastuetako batzuei aurre egin nahi diete.

Tapoiak lehengo tokietan jasoko dira.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak