Herri hau aurrera ateratzeko bermea eskaintzen duen alderdi bakarra EAJ dela esan du Egibarrek

Goiatz Arana Begiristain 2012ko urriaren 16a

Jeltzaleen Gipuzkoako zerrendaburuaren esanetan, orain arte egindako ibilbidea EAJren bermerik onena, "lorpenak eta hutsegiteak tarteko, jakin duelako azken hamarkadetan herri honek zein behar zituen jakiten eta herriari nondik jo behar zuen esaten".

Buru denak, liderrak, bakarrik egiten du hori, Egibarren hitzetan: “77.urteaz geroztik, EAJ izan da herri honetako gizartea, ekonomia eta nazioa eraikitzeko lanean aritu dena; bitartean, alderdi sozialista eta alderdi popularra nazioaren interesak, Espainiarenak, aurretik jarriz ibili dira, eta ezker abertzalea orain gobernatu nahi dituen erakundeei erasoka”.

“Erakutsi daiteke ekonomia eta gizarte aldetik aurrera ateratzeko gai garela; are gehiago, gauza garela gizarte justizia hobetzeko inguruko beste toki batzuen aldean”, adierazi du. “Zer arrazoirengatik ez da bideragarria izango pentsio-sistema Euskadin, Espainiako langabeziaren erdia baldin badaukagu eta, azken 11 urteotan, 1.157 miloi euroko emaitza positiboa izan baldin badugu?”, galdetu du Joseba Egibarrek. “Gauza gara egiteko; ahal dugula sinetsi besterik ez daukagu; eta EAJ sinetsita dago ahal dugula”, azpimarratu du.

Kritika PSE-EE, PP eta ezker abertzaleari

“PPk eta PSE-EEk ez diote errespeturik euskal herritarren nahiari eta Euskadi herria dela ukatzera iristen dira, ez dutelako onartu nahi, herri gisa, erabakitzeko eskubidea daukala. Ezker abertzaleak, berriz, ez dauka egitasmorik eta herri honen lehentasunen aurretik jartzen ditu bere premiak eta beharrak. Horien aurrean, EAJ da herri hau aurrera ateratzeko bermea eskaintzen duen alderdi bakarra, bai ibilbidez, bai egitasmoz”, adierazi du.

Eskoriatzako alderdikide eta alderdi zaleekin izandako egonaldian, Egibarrek zera azpimarratu du: “EAJk garbi ikusten du zein lehentasun dituen gure herriak, gure lehentasun berdinak: krisi ekonomikotik ateratzea eta beharrezko egitura politikoz hornitzea bere etorkizunaren jabe izateko”.

Erabakitzeko eskubidea

EAJren Gipuzkoako zerrendaburuak erantsi du “erabakitzeko eskubidea ezinbestekoa dela gure etorkizun ekonomiko eta politikoa ziurtatzeko”. Eta ildo horretatik, jarraitu du esanez, nazioartean, Erresuma Batuak Eskoziaren eta Irlandaren autodeterminazio eskubidea aitortzen duen honetan, buruzagi espainiarren behin eta berrizko ukapena eta debekua "kultura demokratikoa falta" dutelako dela.

Botatzera joatearen garrantzia

Egibarrek inkesten asmo politiko "ezkutuei" buruz hitz eginez amaitu du Eskoriatzako hitzaldia: “Jendea EAJk irabaziko duelakoan dago, baina herritarrak jakin behar du EAJk irabaztea nahi baldin badu, EAJri eman behar diola botoa”.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak