Berrikuntzekin ospatuko da Jasangarritasun Asteburua Eskoriatzan zapatu eta domeka honetan. Aurten Jasangarritasun Azoka egun bakarrean egingo da eta bigarren eskuko azoka ere egongo da frontoian domekan. Zapatuan bestelako ekintzak egingo dituzte.
Zapatuan hitzaldia eta bisita
Zapatuan, hilak 20, Bioeraikuntzaren adiskideak erakundeak antolatuta, goizean hitzaldia egongo da Ibarraundi museoan gaztelaniaz. Hauxe da izenburua: Eta zuk? Ba al dakizu egunean zenbat ur erabiltzen duzun? Uraren erabilera jasangarria: komun lehorrak, ur zikinen arazketa eta hauen berrabilpena. Bertan hizlari hauek egongo dira: Monika Cebada aparejadorea, Iam Agorria Aldatu-ko koordinatzaile orokorra eta teknikoa eta Borja Vallina BIDATEK Ingenieria Ambiental SL-ko kidea.
Arratsaldean, berriz, bisita egingo da herriko baserri batera goizeko hitzaldian esandakoak praktikan ikustera. Ondorioz, bioeraikuntza irizpideak erabiliz berreraikitako XV. mendeko baserria bisitatuko dute.
Hori guztia dohainik den arren, antolatzaileek esan dute "hizlarien saria, bidaia eta kudeaketa gastutarako ahal duenak 10 euro eraman ditzala".
Domekan, azokak
Aurreko urtetan egin dituzten hiru jasangarritasun azoketan beti egon da gai zehatz bat, aurten baina gai desberdinak ukituko dituztela esan digu Eneritz Zubia Ibarraundi museoko langileak: “Horregatik postu oso desberdinak egongo dira ikusgai frontoian, beraz, jendeak seguru aurkituko duela berari benetan interesatzen zaion zerbaiten inguruko postua”.
11:00etatik aurrera irtenbide jasangarriak erakusten dituzten 11 postu egongo dira, hauek zehazki: Ecogrifo, txorrotetan ura aurrezteko gailuak; Ekitermik, efizientzia energetikoa; Jakion, eskuz landutako baserriko produktuak; Emaus, erabilgarri dauden arropen, altzarien eta abarren berrerabilpena; Meitaimaitie, ume eramaileak eta haziera; lorezaintza jasangarria; Ekosua, tximinia ekologikoak; Biofa, pintura naturalak; Aldatu, komun lehorrak...; Taer, eguzki plakez dabiltzan jostailuak, bizikleta eta motor elektrikoak eta Zu Behar Zaitut erakundeak egiten duen lana egongo dira ikusgai. Herritarrek bertan informazio gehiago jaso ahal izango dute enpresetako ordezkariak bertan izango direlako.
Bigarren eskuko azoka ere egingo da frontoian hirugarren aldiz kultura etxeak antolatuta, eta momentuz, 18 mahai daude hartuta. Postua jarri nahi duten herritarrak garaiz dabiltza oraindik mahaia hartzeko eta bertan postua jartzeko. Izena emateko, kultura etxera deitu edo mail bat bidali beharko dute. Telefonoa: 943 71 46 88. Maila: kultura@eskoriatza.net.
Horrez gain, Birritan daukat I. Kromo Trukaketa ere egingo da domekan 18:00etatik aurrera eta bertan gaztetxoek aukera izango dute errepikatuta dituzten kromoak trukatzeko.