Josetxo Enekotegi: "Oso giro ona daukagu Eskoriatzako jubilatuen elkartean"

Amaia Txintxurreta Guridi 2012ko urriaren 15a

Josetxo Enekotegik apirilean hartu zuen Olazar jubilatuen elkarteko lehendakari kargua. Ordutik buru belarri dabil Eskoriatzako jubilatuei onena eskaini nahian.

Zer moduz lehendakari karguan?


Oso ondo. Talde ona osatu dugu eta oso ondo moldatzen gara. Hasieran kosta egin zitzaigun, izan ere, aurreko lehendakari  Txomin Azpitartek eta lehendakari orde Jose Mari Hercek batera utzi zuten kargua eta juntako beste kide batzuk ere gaixo zeuden, beraz, hasieran martxa hartzea kosta egin zitzaigun. Baina orain primeran moldatzen gara. Gaur egun junta hauexek osatzen dugu: Jose Juan Zubizarretak, Jasone Orbegozok, Leo Herrerok, Elias Gomezek, Ana Jesus Nabaridasek, Maria Jesus Uribek, Jose Luis Landak eta neuk. Martitzenero egiten ditugu juntak.


Zenbat jubilatuk osatzen duzue elkartea?


600 inguruk. Gaur egun gainera, herriko 60 eta 65 urte bitarteko erretiratu gehienak batzen dira elkartera eta giro ona daukagu.


Zein ekintza egiten dituzue urtean zehar?


Besteak beste, urte guztian zehar eguenetan bingoa izaten dugu, egubakoitzetan dantzak. Hilean behin podologoa etortzen da elkartekoendako. Astebeteko bi txango egiten ditugu; bata, martxo edo apirilean, eta bestea, urrian. Egun bateko bost txango ere egiten ditugu urtean zehar. Jubilatuen bazkaria, abenduan txistorrada, urtarrilean txokolatada, uztailean afaria 80 urtetik gorakoendako... Abenduan jubilatuek egindako lanekin erakusketa bat ere jarriko dugu.


Zein izango da zuen hurrengo irteera edo ekintza?


Hilaren 27an Lodosara daukagu txangoa eta dagoeneko bi autobus beteta dauzkagu. Beraz, jendea animatu da hurrengo txangora.

 

Erretiratuak Galizian astebetez

 Eskoriatzako jubilatuak, Galiziako SanSenxon.

Hilaren 1etik 7ra bitartean, Eskoriatzako 106 jubilatu Galizian izan ziren bidaian. Bi autobusetan joan ziren eta besteak beste toki hauek bisitatu zituzten: A Coruña, Fisterra, Santiago de Compostela, Pontevedra, La Toja eta Sansenxo. Eguraldi paregabea egin dietela esan digute eskoriatzarrek eta primeran pasa dutela Galizia aldera egindako astebeteko bidaian. Giro ederrean ibili dira, beraz.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak