Markel Olano: "Martin Garitanok eta Bilduk ez daukate planifikaziorik krisiari aurre egiteko eta horrek kezkaz betetzen gaitu"

Amaia Txintxurreta Guridi 2012ko irailaren 27a

Eusko Alderdi Jeltzaleko Markel Olano eta Miren Azkarate izan ziren martitzenean Eskoriatzako batzokian. Olanok azpimarratu zuen Bilduk ez duela planifikaziorik ezta lehentasunik ere krisiari aurre egiteko, eta horrek kezkaz betetzen dituela. Azkaratek, berriz, esan zuen krisitik irteteko modurik onena izango dela geure erabakiak hartzeko, geure baliabideak izatea.

Eskoriatzan izan ziren martitzenean Markel Olano, Gipuzkoako ahaldun nagusi ohia eta EAJko bozeramailea Gipuzkoako Batzar Nagusietan, eta Miren Azkarate, Eusko Jaurlaritzako kultura sailburu ohia.

Olanok nabarmendu zuen astelehenean izan zutela Batzar Nagusietako ohiko osoko bilkura eta gai hauei buruz hitz egin zutela: arlo politikoan momentu honetan bizi dugun ilusioa, bakearen ikuspegitik; erabakitzeko eskubidea jorratzeko aukera ere badaukagula eta kudeaketa ikuspegitik tamalez bizi dugun egoera ekonomiko gaiztoa eta horri nola aurre egin. Gaineratu zuen, bereziki kritiko daudela Martin Garitano eta Bildu egiten ari den arlo ekonomikoaren kudeaketarekin, planifikaziorik ez dutela argudiatuta.

Bidesarien gainean ere hitz egin zuen Olanok eta esan zuen Bilduk ez duela bere bidesarien eredua plazaratu nahi itxaroten ari direlako hauteskundeak pasa eta "oso inpopularra" izan daitekeen neurri batzuk mahaigaineratzeko. EAJ-k, aldiz, euren eredua agerian utzi dutela esan zuen Olanok. Eurek uste dute ezinbestekoa dela Etxegaraten bidesari bat ipintzea finantziazio egoki bat lortzeko eta kamioi pisua behar den bezala bideratzeko eta uste dute horrekin lortuko luketela baliabide batzuk orain arte asko ordaindu duten bailarek, Debagoienak esaterako, gutxiago ordaindu dezaten etorkizunari begira, Olanoren hitzetan.

Miren Azkaratek, bestalde, esan zuen Artur Masek Katalunian hauteskundeetarako deia egin eta autodeterminaziorako eskubidea aldarrikatu duen honetan, Ibarretxeren gobernuan parte hartu zutenek badakitela zein ibilbide egin zuten eta hauxe gaineratu zuen: "Momentu honetan herri moduan izan nahi baldin badugu, geure baliabideak behar ditugu geure erabakiak hartzeko eta krisitik irteteko modurik onena horixe izango da"

Eskoriatzako herritarrekin gai horiei eta gehiagori buruz hitz egin zuten Azkaratek eta Olanok, Joserra Zubizarretak moderatutako ekitaldian.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak