Ohiko osoko bilkura egin zuten atzo, eguena, Eskoriatzan. Jorratu zituzten gaien artean, migrazio zerbitzua indartzea izan zen bat. Urteak aurrera joan ahala, Udaletik uste dute migrazioaren gaia garrantzia hartzen joan dela eta etorkinei Eskoriatzan eskaintzen zaien zerbitzua berria izango ez den arren, erabaki dute migrazioa gizarte ongizate barruko konpetentzia bat izatea.
Orain arte egindako lan bera egingo dute aurrerantzean ere, baina antolaketa modua aldatuko dute.
Azpiegiturak batzorde berria
Batzorde berri bat ere sortuko dute: azpiegiturak batzorde informatzailea, hain zuzen. Beñat Herce alkateak esan zuen kontziente direla etorkizun baten lan handiak etorriko direla Bidegirekin sinatuko duten hitzarmen batengatik. Euren helburua da AP1 autopistak sortutako kalte eta lanei erantzuna ematea eta horrek ekarriko dituen lanak aurrera eramateko, komisio berezi bat sortuko dute. Orain arte, hirigintza batzordean jorratu da gai hori, baina aurrerantzean batzorde propioa izango du. "Batzorde berezi bat izango da denbora asko eramango duen gai puntual bati erantzuteko. Berezitasuna izango da auzo alkateak deituko ditugula bertan parte hartzera nahiz eta bozkatzeko ahalmena ez eduki. Baina garrantzitsua izango da euren ikuspuntua" dio Hercek.
Besteak
Eskoriatzako irabazi asmorik gabeko kultur elkarteei eta taldeei 2012an egiteko ekintzetarako diru laguntzak emateko oinarriak ere onartu zituzten eta aldaketa bakarra izango dute aurten. Aurreko urtean erakunde bakoitzak lortu ahal zuen diru laguntzaren muga 2.000 eurokoa zen eta aurten 1.000 eurora jaitsi dute, alkatearen esanetan diru laguntza horiek "banatuago" egoteko erakundeen artean.
Bestalde, izendapen berriak ere egin zituzten abuztuaren 1ean Igor Ezpeletak zinegotzi kargua hartu zuelako. Hainbat konpetentzia Ezpeletaren gain jarri dituzte orain eta hainbat ordezkaritza eta batzordetan aldaketak egin dituzte.