Hasi da garagardo festa!

Amaia Txintxurreta Guridi 2012ko irailaren 21a

Atzo, eguena, eman zioten hasiera Eskoriatzako garagardo festari. Herritar dezente izan ziren herriko plazan dagoen karpan eta zerbeza mota ugari dastatzeaz gain, pintxo, ukondo eta saltxitxak ere jan zituzten askok. Trikitilarien musika lagun, giro ederra izan zuten atzo Eskoriatzan, baina oraindik festa hasi besterik ez da egin. Domekara bitartean luzatuko da jaia.

Herriko zaharren egoitzari diruz laguntzeko egiten ari diren garagardo festari eman diote hasiera dagoeneko. Atzo, eguena, pintxo-pote eguna zen gainera Eskoriatzan eta horrek ere lagundu zuen kalean eta taberna ingurutan jende gehiago batzen.

Lagun giroan, primeran pasa zuten garagardo festako karpan izan ziren gazte eta helduak. Gauerdi inguruan karaokea egin zuten eta gaur, bihar eta etzi ere izango da zertaz gozatu festa solidarioan.

Batzuk parranda egiteko baina, beste batzuk lan egin behar eta egunotan 100 boluntariotik gora ibiliko dira lanean garagardo festan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak